Eusko Jaurlaritzak Txomin Enea eta Martutene arteko zerbitzua bertan behera uztea aurreikusi du.
Arantzazuko Ama ikastolaren Martuteneko eraikin nagusia. (Argazkia: E. Zabala)
Donostiako Udalak Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolako autobus zerbitzua mantentzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailari, uholdeak saihesteko lanek irauten duten bitartean gutxienez. Izan ere, jaurlaritzak Txomin Enea eta Martutene arteko zerbitzua bertan behera uztea aurreikusi du. Eskaera honetaz gain, mozio bat erregistratu du, apirileko udalbatzan eztabaidatuko dena.
Udalak jaurlaritzari gogorarazi dio urte luzeko itxaronaldiaren eta kezka ugariren ondoren, uholdeen arazoari konponbidea ematea helburu duten lanak hasi dira: Martutene eta Txomin Eneako eraikinak eraitsi dituzte, behin-behineko eta behin betiko etxe aldaketak egin dituzte, baita Txomin Eneako eta Martuteneko lanen lehen fasearen lizitazioak ere. Lan horiek guztiek eragina izango dute auzotar zein Arantzazuko Ama ikastolan, besteak beste. Bada, udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikastolako hezkuntza komunitateari jakinarazi dio eskola garraioaren zerbitzua kentzea erabaki duela, zerbitzua eskaintzeko gutxieneko 2 km-ko distantziaren baldintza ez duelako betetzen.
Hala ere, udal gobernuaren iritziz, “ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzako hezkuntza arduradunek dirua aurreztea beste helbururik ez duen erabaki hori berriz aztertzea; batez ere, une honetan eta lanek iraun artean, edo gutxienez haur txikiek lanak hainbat bider zeharkatzeari uzten dioten arte. Izan ere, kontuan hartu beharko lukete lanetan, besteak beste, Txomin eta Martutene lotzen dituen Martuteneko zubia kentzea aurreikusi dela”.
Eusko Jaurlaritzari eskatutakoaren zentzu berean doan mozioak dio testuinguru honetan ez dela egokia gaur egun Arantzazuko Ama ikastolak duen autobus zerbitzua kentzea, administrazio publikoak sustatutako lanak dauden egoeran; “hau ezinegona sortzen ari da eta kezka ikastolako zuzendaritzan, bertako langileengan eta gurasoengan, baita eskolako umeengan ere”. Hortaz, Donostiako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio autobus zerbitzuak martxan jarrai dezala.