"Musika Parkean ohitura bihurtu da, ohitura osasuntsua gainera"
Musika Parkean egitasmoaren seigarren denboraldia (larunbatean, 14:00etan). Xabier De La Maza antolatzailearekin hitz egin dugu aurtengo programari buruz gehiago jakiteko.
Aieten hasiko da Iritsi da piknika prestatu eta zuzeneko musikaz parkean gozatzeko unea. Zer prestatu duzue larunbaterako?
Larunbaterako eguzkia prestatuta daukagu (bai, eguzkia!). Denboraldiaren hasiera da, eta ongi hastea ona izango litzateke! Horretarako Les Fous eta Josu Bergara izango ditugu protagonista moduan alor musikalean. Lehenengoek R&B, pop eta soul-aren arteko nahasketa planteatzen dute, eta Bilbotik datorren Josu Bergara taldea folk-pop erritmoan oinarritzen dira. Bikote bikaina lehenengo ediziorako. Ohi bezala, tarta eta pastel lehiaketa egingo dugu. Part hartzaileak, urtetik urtera, geroz eta proposamen hobeak egiten ari dira, ea aurten zer ekartzen duten!
Denboraldi berri honetan, parke berriren bat estreinatuko duzue?
Aurtengo leku berriak bi dira: Tomasene, Altzako konterrian, eta Ametzagainako parkeko ikustokia. Altzara joateko gogoak genituen, eta aurten posible izan da. Bestalde, Ametzagainako parkea oraindik ezezaguna da jende askorentzat, eta beraz, erronka moduan ikusten dugu hantxe edizio bat egitea.
Beste berritasunik ba al duzue?
Kontatu dezakegu Miramar Jauregiko Musika Parkean abuztura pasako dela, adibidez. Bestelako gauza berriak eta sorpresak egongo dira…eta adi egon behar duzue!
Piknik on eta goxo bat prestatzeko gomendioren bat?
Nahi izatearekin nahikoa dela esan behar nuen… baina ez. Jendea patata-tortilla bat baino harago joan beharko lukeela uste dugu. Gastronomiaren inguruko kultura nabaritu egin behar da, eta “arrisku” pittin bat hartzea ez dator batere gaizki. Bertako errezetak eta kanpokoak ere egitea oso sanoa da, eta egia esan, geroz eta jende gehiago animatzen da gauza “arraroak” egiten.
Musika Parkeanek arrakasta handia lortu du. Hasi zinenetik aldaketaren bat sumatu al duzue?
Azkeneko urteetan parte hartzaileen kopurua gorantz egin du nabarmenki. Jendeak bere egin du proiektua, eta denboran zehar mantentzea eguneroko miraria da. Musika Parkean ohitura bihurtu da, ohitura osasuntsua gainera. Eta piknikaren inguruko erritual guztiak sofistikatzen joan dira. British style-a duen jendearen kopurua gorantz dijoa!
Larunbaterako eguraldi iragarpenak nolakoak dira?
Eguraldi iragarpenak denetarik ematen du, baina ohitura den moduan, euri arriskua handia bada, ostiral goizean abisatuko dugu!