‘Donostian ere euskaraz’ lelo erraldoi baten altzoan aurkeztu dute Euskararen Plan Orokorra. Juan Karlos Izagirre alkatea eta Euskara arduradun Nerea Txapartegi txiki geratu dira haren ondoan.
Juan Karlos Izagirre alkateak eta Euskara arduradun Nerea Txapartegik udaletxean egin zuten agerraldia, herenegun. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Euskararen erabilera indartzea helburu duen 2015-2019 epealdirako Plan Orokor berria aurkeztu zuten atzo Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Euskara arduradun Nerea Txapartegik. Plana datorren osteguneko udalbatzarrean onartuko dute, eta ondoren udalaren webgunean eskegiko dute, denen eskura.
Alkatearen esanetan, Donostian euskara guztiz berreskuratzeko eta zabaltzeko helburua du planak: “Badakigu plana nahiko handinahia dela, baina, gure ustez, euskarak bultzada bat behar du, eta proiektu honekin jauzi kualitatibo bat egingo dugu hizkuntzaren normalizazio prozesuan”.
Izagirrek euskararen inguruko datuak eman ditu; azken urtetan euskara ezagutzen dutela adierazten duten donostiarren ehunekoa handituz joan da etengabe, eta Euskal Herriko hirietatik Donostia da euskaldunen proportziorik handiena duena. Donostiako herritarren %40,6 euskaldunak dira, %28,6 ia-euskaldunak eta %30,8 erdaldun elebakarrak. Dena den, ezagutza eta erabileraren artean zulo handia dagoela nabarmendu du alkateak. Izan ere, soziolinguistika klusterraren azken ikerketaren arabera, erabilera %15,9koa da.
Beraz, planaren helburu nagusia euskararen erabilera indartzea dela adierazi du, donostiarrei euskaraz bizitzeko baldintzak eskainiz, sentsibilizazioa bultzatuz eta euskaraz ez dakitenak euskalduntzera erakarriz: “Hiru lehentasun nagusi ditu planak: parte hartzea bultzatzea, bai auzoetako eragile, euskara batzorde eta elkarteekin; erabilera sustatzea, batez ere aisialdi eta kirolean, eta euskaraz lehen hitza egitera animatzea; eta azkenik, ezagutza bultzatzea, euskaldunen kopurua hazten jarrai dadin”.
Plana datorren astean argitaratuko duten arren, Txapartegik datozen lau urteetara begirako bost oinarri estrategikoak azaldu ditu: “Azken urteetan udalak hirian euskararen erabilera bultzatzeko indarrean izan dituen planei jarraipena emateko diseinatu dugu plana, modu parte hartzaile, planifikatu, integral eta iraunkorrean. Horrela, udalaren , eragileen, auzoetako batzordeetako kideen, Euskararen Aholku Batzordeko kideen eta prozesuan parte hartu duten norbanakoen ekarpenak jaso ditugu”.
Auzoz auzo
Plan Orokorra hiriko auzoetako bizitzaren ezaugarri propioetara hurbildu eta etengabe egokitzen joatea beharrezkoa dela nabarmendu du Txapartegik, eta horretarako, ahalik eta auzo gehienek euskararen erabilera normalizatzeko bere plan integrala izatea da asmoa, bakoitzak bere errealitatera egokitutako helburu zehatzak finkatzeko.
Kaleko erabilera indartzea estrategikoa dela iritzi dute planaren diseinuan parte hartu duten eragileek, eta horregatik aisian, kirolean eta arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzea izango dute helburu.
Bestalde, euskararen erabileran aurrera egiteko euskal hiztun gehiago behar direla adierazi dute, nahiz eta azken urteetan kopurua handitzen joan den. Hori dela-eta, euskararen ezagutza areagotzen jarraitzea dute xede.