Giza-katearekin lehen pausoa eman ostean, hurrengo erronkarako prestatzen ari da Gure Esku Dago dinamika; oihal zatiak apaintzen ari dira herritar taldeak, erabakitzeko eskubidearen alde
Maria Luisa Sanchez, Angel Oiarbide eta Jose Luis Segurola, Gure Esku Dago dinamikako kideak, Erdialdeko egoitza berriaren irekieran. (Argazkia: Estitxu Zabala)
«Euskal Herri mailan beste kontzientzia bat dago giza-katea egin genuenetik. Lehen galdetzen ez zuen jende asko orain galdezka ari da, eta lehen parte hartu ez zutenak dira gehienak. Giroa mugitzen ari dela nabari dugu; jendeak badakiela zer den Gure Esku Dago eta zer antolatzen ari garen», halaxe adierazi dio Gure Esku Dagoko Jose Luis Segurolak IRUTXULOKO HITZAri.
Iazko ekainaren 8an Durango eta Iruñea batu zituen giza-katea egin ostean, aurten, hautetsontzi erraldoi batzuen bueltan egin nahi dute erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena. Azken batean, aldarrikapenetik gauzatzerako bidea egin nahi du Gure Esku Dagok, eta horretarako, ekainaren 21ean, Euskal Herriko bost hiriburutan hautetsontzi erraldoi bana jarriko du. Joan den asteburuan, prestaketa lanetan ibili ziren hainbat auzotan, erabakitzeko eskubidea «josteko eguna» antolatu baitzuten.
Ekainaren 21eko jaialdiak bi zati nagusi izango ditu; batetik, 12:30ean, giza-kateak egingo dituzte, herri eta auzoetan josten ari diren oihalekin osatuz. Ondoren, 17:30ean, ekitaldi nagusia egingo dute. Donostian, Anoeta estadioa izango da jaiaren erdigunea; Bilbon, San Mames; Gasteizen, Buesa Arena; Iruñean, zezen plaza; eta Baionan oraindik ez dute zehaztu.
«Ideia oso polita da eta aurre egiteko moduan egongo garela uste dut. Donostian, 12:00etan, zubi lana egingo dugu. Herriz herri egingo ditugun oihalekin, Bretxatik hasi eta Anoetara bitartean ia sei kilometroko bidea osatuko dugu, ibaiaren bueltan. Orduerdi bateko kontua izango da. Gainera, ia egun guztian zehar Illunben haurrentzako jolasak eta jarduerak egingo ditugu; eta ahalik eta haur danborrada gehien biltzeko lanean ari gara. Dantzariak ere ekarriko ditugu, Anoetan inguruan aritzeko, eta Anoetako estadio txikian, kontzertuak egongo dira», gehitu du Segurolak.
Ekitaldi nagusia, ordea, arratsaldekoa izango da, 18:00etatik 19:30era, eta horretarako, Anoetako sarrera 17:00etan irekiko dute. «Anoetako atletismo pista oihalekin estali nahi dugu, baita estadioko eskailerak ere. Beraz, goitik ateratako argazkiak zirraragarriak izango dira. Gainera, denak kamiseta laranjekin egongo gara eta oso kolore polita hartuko du estadioak».
Gure Esku Dagoren bozeramaile nagusia da Angel Oiarbide, eta bera ere oso pozik dago prestatzen ari direnarekin: «Gipuzkoan zubien kontu hori oso garrantzitsua da, dinamika hau egiten ari dena hori baita, zubi-lana. Hautetsontziak eraikitzeko, beharrezko borondatea hori izango da».
Oiarbideren esanetan, bost hiriburuak harremanetan egongo dira ekainaren 21ean, jaia batera ospatzeko: «Egun osoko jaia izango da bost hiriburuetan. Bost hiruburuak elkarrekin harremanetan egongo dira, baita diaspora ere. Helburua da elkarrekin pausoak ematea, elkarrekin arituz gero aurrerapauso handiak eman ditzakegulako. Elkarrekin egin behar dugu, eta denek protagonista sentitu behar dugu».
Edonola, katalanen aldean euskadunak oso zuhurrak izaten ari direla uste du Oiarbidek: «Jaialdia lehen aldiz aurkeztu genuenean, esan genuen urtebetera erronka bat jarriko genuela; sinetsita ginela herri honetan sentsibilitate politiko desberdinetako jendea hiru punturen bueltan elkartu zitekeela: Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Orduan esan genuen, 50.000 lagun beharko liratekeela 123 kilometro osatzeko. Gutxiengo hori jarri genuen, batzuk esan zigutelako hori ez zela lortuko, eta guk bagenekien katalanek 2 milioi lagun atera zituztela kalera, eta 400 kilometroko giza-katea egin zutela, euren etorkizuneko protagonistak bihurtuz».
Horrela, pixkanaka, gero eta jende desberdin gehiago dinamikarekin bat egiten ari dela dio Oiarbidek: «Herritarrengana gerturatzea lortu dugu, eta herritarrak ahalduntzea. Ekainaren 21ean, borondate guztia bilduta gure topagunea osatuko dugu, eta hautetsontziak ez dira apaingarriak izango, erabiltzeko baizik».
Azken batean, demokrazia gero eta handiagoa izan, gizartea orduan eta gehiago batuko dela uste du Oiarbidek. «Askotan kontsultek herritarrak banatzen dituztela entzun dugu, baina hori astakeria handi bat da! Nola liteke demokrazian gero eta gehiago sakondu herritarrak banatzea? Kontrakoa da», dio Oiarbidek.
Hala, ekiteko garaia dela uste du bozeramaileak: «Ez ginen sortu aldarrikapenetan nahasteko, aldarrikapenetik gauzatzera trantsizioa egingo duen herri dinamika bezala baizik. Eskubideak lehendabizi erabili egiten dira eta gero legeztatzen dira, eta hori da gure asmoa, eskubide hori erabiltzen hastea».
Elkarrekin josiz
Hautetsontziak janzteko, herriz herri oihal-zatiak apaintzen ari dira hainbat herritar, 20 laguneko taldeak osatuz. Hala, joan den asteburuan dagoeneko atondutako oihal zati batzuk elkarren artean josten aritu ziren donostiarrak, auzoz auzo.
Antiguan, esaterako, Oihalen Eguna antolatu zuten, eta bertan izan zen Irutxuloko Hitza. Oihalak apaintzen aritu ziren batzuk, eta bukatutakoak elkarrekin josten beste batzuk. Mikel Irazusta, Antiguako Gure Esku Dagoko kidea da, eta baikor dago oihalen kontuarekin: «Iaz hasi ginen elkartzen, Aste Santua baino lehen, eta ordutik astean behin egoten gara, asteazkenetan. Iaz 700 lagun joan ginen Antiguatik giza-katera, eta kopuru hori bikoiztu nahi dugu, ea lortzen dugun. Aurtengoa oraindik nahiko abstraktua da, baina batzuk jada ekarri digute oihala bukatuta».
Mariaje Imazek, esaterako, familiakoekin eta lagunekin osatu du hogeikotea. «Izurun elkartean elkartu ginen arratsalde batean. Aldez aurretik genuen ideiarako beharrezko kontuak eraman genituen, eta hortxe josi genuen. Etorkizuna ehuntzen esaldia jarri dugu oihalekin osatutako hizkiekin, Gure Esku Dagoko eskua ere josi dugu, eta sinadurak jarri ditugu inguruan». Iaz, giza-katean egon ziren Imaz eta bere lagunak, eta aurten Anoetara joateko asmoa ere badute: «Josi behar duguna josi arte!».
Joxerra Larreak lagunekin apaindu du bere oihala, baina izerdi gehiegirik ez dutela bota onartu du: «Giza-katean parte hartu genuen iaz, eta batek oihalarena proposatu zuen, eta aurrera egin dugu. Lagun batek Igeldon duen bordara joan ginen oihala marraztera, eta aitzakia horrekin afari-merienda bat egin genuen. Askatasuna jarri dugu, burua gehiegi estutu gabe, hizki handi batzuekin guztia bete genuen».
German Rodriguez eta Lurdes Velaz senar-emazteak dira, eta auzoko Munduko Dantzak taldearekin oihal deigarria osatu dute. «Nire margotzeko zaletasuna aprobetxatuz margotu dut, baina ez da batere erraza izan oihalaren gainean margotzea. Olioarekin eta akrilikoarekin ibili naiz, eta moldatu naiz azkenean», azaldu du Velazek.
Oso pozik dago Rodriguez emazteak egindako lanarekin, bat baino gehiagoren arreta deitu baitzuen oihal gorriak: «Adin guztietako pertsonaiak, borobilean, eskutik helduta dantzan jartzea adierazgarria iruditu zitzaigun. Gure Esku Dagoren filosofiarekin bat egiten du. Gure leloa ere oso garbia zen, Munduko herrien eskubideen alde, gure dantzekin hori da gure filosofia; herri bakoitzak bere dantza motak dauzka, eta bere hizkuntza, eta hizkuntza bat herri bat da. Hunkigarria izan da jendeari gure oihala gustatu zaiola ikustea, asmatu dugu».
Partaideen artean, baziren talderik gabeko herritarrak ere. Hala, Oihal batzuk 20 laukitan banatu zituzten, eta nahi zuenak bertan egin zezakeen bere ekarpena. Gainera, parte hartzeko gogoz dabilena, oraindik ere garaiz dabil bere oihala eskuratzeko.
Egoitza berria Erdialdean
Egoitza berri bat ireki berri du Erdialdean Gure Esku Dagok, Etxaide kaleko 8. zenbakian. Hala, ekainaren 21eko jaialdiari begira, informazioa jaso eta materiala erosteko aukera izago dute bertan herritarrek. «16:00etatik 20:00etara irekia egongo da, eta jendeari adierazten ari gara hona etortzea izango duela kamisetak eta bestelako materiala erosteko. Propaganda egiteko sistema on bat da eta jendeari erraztasunak emateko. Lehen ez zekitenak orain badakite nora etorri behar duten», dio Jose Luis Segurolak.
Dinamikako Maria Luisa Sanchezen ustez ere egoitzaren berri ematea ezinbestekoa da: «Lokal honek garrantzia handia du Gure Esku Dagoren berri emateko donostiar guztiei. Hamar auzotan lanean ari gara, baina ez gara jende guztiarengana iristen. Beraz, aukera dute arratsaldeetan hemendik igarotzeko eta informazioa jasotzeko. Eta garrantzitsuena, ekainaren 21ean Anoetako jaialdian parte har dezatela».
Izan ere, Anoetako jaialdirako sarrerak ere salgai jarriko dituzte egoitzan, helduentzat 10 eurotan eta haurrentzat 5 eurotan.