Orixe ikastolako fatxadan birgaitze lanak egingo dituzte udan
Urgulleko mendi magaleko eraikina berrituko dute, eta datorren ikasturterako prest egongo da.
Parte Zaharreko Orixe ikastola berrituko dute udan, zehazki, Urgulleko magaleko eraikinaren fatxadan birgaitze lanak egingo dituzte. Udaletik adierazi dutenez, ikasturte berrirako eraikinak itxura berria izango du; gris eta hondar koloreko zeramika plakak jarriko dira estruktura metaliko baten gainean, aluminiozko eta altzairuzko estruktura osatuz.
Hezkuntza zinegotzi Naiara Sampedroren esanetan, eskola komunitatearekin batera adostutako konponbide horri esker onura nabarmenak lortuko ditu ikastolak, eraikinaren iragazgaitzea hobetuko dutelako, eta baita eraginkortasun energetikoa handitu: “Eraikin honen kokapena eta hareharrizko fatxada dela eta, gaur egun, euriak eta haizeak jotzen duenean ura sartzen da eraikin barrura. Bazen garaia ikastetxe honetan obrak egiteko, eta pozgarria da jakitea ikastetxeko 135 ikasleak egoera duinago batean egongo direla datorren ikasturtetik aurrera”.
Horrela, fatxadak aireztatutako sistema bat izango du aislamentua hobetzeko. Zeramika plakak jartzeaz gain, aurrealdearen garbiketa orokorra egingo dute, armadura erdoilduko eremuak tratatuz eta mortero konpontzaile batez estaliz. Teilatu hegalen azpi-aldean tela inpermeabilizantea jarriko dute ere, pitzadurak saneatuz, leihoak babestuz, aluminiozko kanaloiak jarriz, eta alfeizarrak aldatuz. Obrak uztailean hasiko dira eta 557.037 euro inbertituko dituzte. Eusko Jaurlaritzak obraren %60 babestuko du diruz.
Berrikuntzak Herreran eta Ategorrietan
Hezkuntza eraikinetan beste bi obra egingo dira uda honetan; horrela, Herrerako ikastolan larrialdietarako irteera bat egingo dute, 189.919 euroko aurrekontuarekin. Ategorrietako Zuhaizti eskolan, berriz, leihoak aldatuko dituzte, 111.813 eurorekin. Bestalde, Altzako patioan gune estali bat egiteko proposamena ere jaso du udalak, baina, diru laguntzetatik kanpo geratu da. Udaletik adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak iaz ere diru laguntzetatik kanpo utzi zuen proiektu hau.