Lehen postuan dago hiriko taldea, eta Oriori irabazten badio 'play off'ean sartuko da, lehen aldiz
Donostiako Atletikoko neskak, partida batean. (Argazkia: Donostiako Atletiko)
Donostiako Atletikoko neskak jo eta ke dabiltza sofboleko Ohorezko Mailako ligan. Lehen postuan dago hiriko taldea, bost garaipen eta hiru porrotekin. Derbia izango du datorren igandean, Orioko Bate Bizkorrak taldearen aurka, Loiolako Erriberan. Irabaztea lortzen badu, ligako
play offean egongo da Atletiko, lehen aldiz, titulurako borrokan sartuz.
Hain zuzen ere, ligako bigarren fasean murgilduta daude orain. Ligako lehen fasean, bi multzotan banatuak egon dira taldeak, eta bigarren faserako lau talde sailkatu dira: A multzotik, Donostiako Atletiko eta CBS Antorcha, eta B multzotik, Orioko Bate Bizkorrak eta CBS Sant Boi.
Sant Boi taldearen aurka bi partida jokatu zituen joan den asteburuan Donostiako Atletikok, Loiolako Erriberako zelaian. Lehen lehian, ezohiko sarreretara jo behar izan zuten partida erabakitzeko, eta azkenean katalanentzat izan zen partida, 5-4ko markagailuarekin. Bigarren norgehiagokan, ordea, nagusi izan ziren etxekoak, 7-0.
Martxoaren 15ean hasi zen liga, eta ekainaren 28an jokatuko dituzte
play offeko azken partidak.
Selekziorako aurre aukeraketan
Argi dago lan txukuna egiten ari direla Atletikoko neskak, Espainiako selekziorako ere aurre aukeraketan baitaude sei lagun: Rebeka Carrera, Elena Ayuso, Constanza Busso, Irune Paredes, Ane Barandiaran, Orel Morales (Coach).