Udal hauteskundeetarako kanpaina ostiralean amaituko da, hasi eta bi aste geroago. Iganderako 148.045 donostiar daude botoa ematera deituta, 35 hauteskunde-eskoletako 182 mahaietan.
Hauteskunde-eskola bateko boto-txartelak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiarrek hautetsontziekin dute hitzordua igandean, bi astez iraun duen udal hauteskundeetarako kanpaina amaitu eta gero.
Talde politikoek ostiralean izango dute botoa eskatzeko azken aukera jendaurrean, larunbatean gogoetarako eguna izango baita, eta ordurako kanpaina amaitutzat egongo da, legeak hala aginduta.
Guztira, urtarrilaren 1ean jakitera emandako hautesle-zerrendaren arabera,
148.045 herritar daude botoa ematera deituta; horietatik 727 Donostian bizi eta hauteskundeetarako boto asmoa aurkeztu duten atzerritarrak dira.
Duela lau urte baino 501 pertsona gehiagok dute udal hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea. Donostiako hautesleek 142 sekziotan banatuta dauden, eta 35 hauteskunde-eskoletan jarriko diren 182 mahaietan eman beharko dute botoa.
Bederatzi hautagaitza aurkeztu dira hirian udal hauteskundeetarako: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, PP, Irabazi Donostia, Plaz!, Ciudadanos-Herritarrak, UPyD eta PACMA. Gauza asko argitzeko daude, alderdi bozkatuena zein izango den jakitetik hasita.
EH Bilduko Juan Karlos Izagirre eta EAJko Eneko Goiaren arteko lehia zuzena aurreikusita dago, alkatetzarako lasterketan. Duela lau urte izandako lehia estuaren parekorik errepikatuko ote den ikusteko dago. Orduan, 2011ko udal hauteskundeetan, inoiz baino borrokatuagoa egon zen; kasu horretan, baina, PSE-EEko orduko alkategai Odon Elorza izan zen Juan Karlos Izagirrerekin lehia bizian aritu zena, azken unera arte. EH Bilduko zerrendaburuak 1.444 botoren aldearekin irabazi zituen hauteskundeak, EH Bilduk 21.110 boto (%24,96) eta zortzi eserleku eskuratu ondoren. PSE-EEk 19.666 boto lortu zituen (%23,25); zazpi zinegotzi, orotara. PP izan zen hirugarren indarra, 16.502 boto (%19,51) eta sei zinegotzirekin. EAJk ere sei zinegotzi lortu zituen, 15.587 botori esker (18,43%).
Egoera, ordea, zeharo aldatu da. PSE-EEk Ernesto Gasco aurkeztu du alkategai gisa, 20 urtez Odon Elorza zerrendaburu –eta alkate– izan ondoren. Hala, Elorza efektua indargabetuta dago, nahiz eta alkate ohiak PSE-EEri babesa eskaini dion kanpainan.
EAJk alkatetza nahi du eta, inkesten arabera, aukerak ditu. Irabazi Donostiak ordezkariren bat lor dezakeela ere diote inkestek, eta PPk eserlekuren bat gal dezakeela. Hau guztia kontutan hartuta, Udalbatzaren argazkia bestelakoa izango dela dirudi, bukatu berri den legegintzaldiarekin alderatuta. Astelehenetik aurrera, udal gobernua osatzeko hauteskunde ondorengo akordioak etorriko dira, gainera. Hori, baina, beste kontu bat izango da.
Diskurtso ezaguna
Kanpainari dagokionez, ez da ezer berririk entzun; bakoitzak bere izaerari eutsi dio.
EH Bilduko alkategai Juan Karlos Izagirre legegintzaldian egindako lanari jarraipena emateko prest dago, «behetik gora», erabakiak herritarrekin batera hartzeko eredua oinarri. Krisiak krisi, gizarte arloarekin lotutako gaietan murrizketarik ez egiteko filosofiari eutsiko diotela nabarmendu du, «baztertuak eta gutxien dutenak» lehenesten jarraitzeko.
EAJko alkategai Eneko Goiak Bestelako Donostia baten alde egingo duela jakinarazi du kanpainan, «irekia eta plurala». Arlo ekonomikoa estrategikotzat jo du, enplegua sortzeko helburuarekin. Teknologian eta berrikuntzan erreferente bihurtu nahi du Donostia, eta erronka horrekin sail bat sortzea proposatu du: berrikuntza eta teknologia berrien gaineko zinegotzigoa.
PSE-EEko alkategai Ernesto Gascok aldaketarako aukera bakartzat ikusten du bere burua. Donostiaren «prestigioa» eta «harrotasuna» berreskuratu behar direla dio, Odon Elorzarekin egindako lanari jarraipena emateko. Euskararen normalizazioaren alde egiteko prest dagoela esan du, «euskara alderdikeriarik eta talibanismorik gabe erabiliz», bere hitzetan.
PPko alkategai Miren Albistur-ek, berriz, «abiada» eman nahi dio Donostiari, azken lau urteotan hiria geldirik egon omen delakoan. Hiri lehiakor baten aldeko apustua egin du, «siglen gainetik». Zergak eta udal tasak jaistea proposatu du; horrek ez lukeela zerbitzuen kalitatea gutxituko ziurtatu du.
Lau talde hauez gain, badira beste bost hautagaitza.
Irabazi Donostiako alkategaia da Amaia Martin; «Donostia iraunkor eta berdea, parekidea, desberdintasunik gabekoa, langabeziarik gabekoa eta etxegabetzerik gabekoa» lortu nahi du.
Plazandreok taldearen lekukoa hartu du
Plaz! hautagaitza feminista-k. Josebe Iturrioz du zerrendaburu; Feminismoa, jarrera politiko bat baino, bizitzeko modu bat dela azpimarratu du. Matxismoa, arrazakeria, homofobia eta indarkeriarekin kezkatuta dago.
Ciudadanos-Herritarrak Donostian aurkeztuko da, Nicolas de Miguel buru. Ezker Batuan hasi zen, baina 1995. urtean alderdia utzi zuen. 2011n UPyD alderdiarekin bat egin zuen, eta Donostiako alkategai izan zen azken udal hauteskundeetan. Rosa Diezen alderdia utzi eta Ciudadanos-Herritarrak alderdian hasi da. «Donostiak XXI. mendeko proiektu politiko bat merezi du XXI. mendeko hiri baterako», adierazi du De Miguelek.
Arantza Aranzabal da
UPyD-ko alkategaia. «Pertsona libre eta berdinen hiri bat» nahi du alderdiak, eta Gipuzkoako erakundeei «duintasuna» itzuli.
PACMA, Animalien Tratu Txarren Kontrako Alderdia, udal hauteskundeetarako beste hautagai bat da.