Bera Berak hirugarren aldiz jarraian irabazi du Liga; oraingoan, txapelketa amaitzeko bi jardunaldiren faltan. Bigarren sailkatu Rocasaren etxean erdietsi dute balentria.
Matxalen Ziarsolo; Bera Bera eskubaloi taldeko kapitaina.
Juan Karlos Izagirre eta Matxalen Ziarsolo, udalak egindako harreran. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Nolakoa izan da aurtengo Liga?
Desberdina izan da. Aurrekoetan normalean puntuak etxetik kanpo galdu ditugu, eta albiste ona izan da Liga osoan zehar etxetik kanpoko partida guztiak irabazi ditugula. Pena izan zen lehen itzulian etxean galdu genituen hiru puntu horiek, baina besteek ere jokatzen dute eta gu ez ginen gure jokoaren momentu onenean. Orokorrean esango nuke emaitza oso ona izan dela, bi jardunaldiren faltan Liga irabazi dugu eta uste dut defentsan urte guztian egin dugun lana oso ona izan dela, kalitate handikoa. Erasoan agian arazo gehiago izan ditugu, baina gutxinaka hobetzen joan gara. Maila ona eman dugu denboraldi osoan zehar. Orain falta zaizkigun bi partidetan saiatuko gara Rocasa lau puntura uzten. Pozik gaude.
Entrenatzaile aldaketa izan duzue Liga bukaera aldera. Asko eragin dizue?
Hasieran aldaketaren berri eman zigutenean, aste pare bat desberdinak izan genituen. Entrenatzaile batekin era jakin batera lan egiten da, ohituta dago taldea, eta egokitu egin behar izan ginen bai lehenengo Tatiren jokora eta gero, Montserenera. Taldea ongi moldatu da, eta ongi entrenatu dugu azken txanpara ongi heltzeko.
Rocasaren beldur zineten joan den asteburuan?
Beldur ez. Rocasaren aurka, final baten moduan prestatu genuen partida. Irabazi egin behar genuen, baina besteak etxean zeuden eta horrek lagundu egiten du. Konfiantza genuen gurekin. Lortu dugu, eta pozik gaude.
Nolakoa izan zen larunbateko ospakizuna?
Aulkian ginenak partida bukatzeko zain geunden, azken bost minutuetan ikusten genuelako irabazita genuela. Pozik ospatu genuen, abestu genuen, kanpoan afaldu genuen eta ahal izan genuen guztia ospatu genuen. Azkenean, bigarrenaren etxean irabazteak zirrara gehiago eman dio garaipenari. Polita izan zen kanpoan irabaztea. Rocasaren etxean giro izugarria egon zen, jendea builaka…
Hiru Liga jarraian irabaztea ez da lan erraza.
Bai, Liga gainera luzea da. Hasten zara abuztuan helburu batekin, baina Liga urte osoko lana da. Urte oso batean edozein taldetan igarotzen dira momentu txarrak, momentu onak, aurrera egin beharra… azkenean Liga batek beti ematen du poza, urte osoko lana atzean dagoelako.
Taldean jokalari gazteak sartzen ari dira pixkanaka. Badu etorkizuna Bera Berak, ezta?
Bai, nik uste dut baietz, etorkizun handia. Jokalari asko daude, kalitate handikoak; urte askotan egon dira, baina aurten pixka bat jauzia eman dutela uste dut, eta etorkizuna seguru izango duela.
Harrera egin diete Ligako txapeldunei: Bera Berako jokalariek udalaren eta aldundiaren omenaldiak jaso zituzten astelehenean eta asteartean, hurrenez hurren, Kanarietatik itzuli bezain pronto. Alkateari eta ahaldun nagusiari taldeko elastikoa oparitu zieten, eta agintarietatik koadro bana jaso zituzten oroigarri gisa.