Eskolarteko futbol txapelketaren azken jardunaldia jokatu dute. Summa Aldapeta eta Santo Tomas Lizeoa izan dira garaileak, baina haur guztiek gozatu dute.
Santo Tomas Lizeoko jokalariak. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Hiriko eskoletako gaztetxoek emozioz bete zuten larunbatean Kontxa. Hainbat ikastetxetako 43 mutil taldek eta 17 neska taldek hartu zuten parte eskolarteko futbol txapelketako azken jardunaldian, hondartzan. Zehazki, bigarren urteko alebinak aritu ziren, nor baino nor, eta onenek finalak jokatu zituzten. Santo Tomas Lizeoak irabazi zuen nesketan, eta Ekintza izan zen bigarrena; mutiletan, berriz, Summa Aldapeta izan zen txapelduna, Santo Tomas Lizeoaren aurretik.
Partida guztiak jokatu ondoren, sari banaketa egin zuten, eta hainbat lagun ezagunen eskuetatik jaso zituzten garaikurrak gaztetxoek. Han izan ziren Kultura, Gazteria eta Kirol diputatu Ikerne Badiola, aldundiko Kirol zuzendari Asier Sarriegi, Juan Karlos Izagirre alkatea, Kirol zinegotzi Josu Ruiz, Realeko jokalari Gero Rulli, Joseba Zaldua eta Cristina Pizarro eta Realeko kontseilari Nekane Soria, Joseba Ibarburu eta Alex Uranga.
Antolaketa berria izan du aurtengo txapelketak. Hala, eskoletako gaztetxo guztiek –neskek eta mutilek– parte hartzeko aukera izan dute, eta egutegi guztia jarraian osatzeko aukera izan dute. Itsasoaren gorabeherek ez dute baldintzatu aurtengo lehia. Sistema berriarekin, gainera, beste kirol batzuetan lehiaketak antolatzeko aukera erraztu du; eskubaloian edo saskibaloian, esaterako.