Hirugarren urtez jarraian zuzenduko du Donostiarrako gizonezkoen lehen taldea loiolatarrak. Taldea sekula baino prestatuagoa dagoela dio; hortaz, baikor ageri da KAE-1 Ligaren atarian.
Xabier Zabala, Donostiarrako gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Xabier Zabala
Bixkar (Loiola, 1974) gogor aritu da lanean entrenatzaile postua hartu zuenetik, duela hiru urte. Ilusioa nabari zaio itsaso koloreko begietan. Orain arte zuhurra izan den arren, aurtengo KAE-1 Ligan emaitza onak lortuko dituztelakoan dago.
Neguko lan gogorraren ostean iristear da KAE-1 Liga. Zer moduz dago taldea?
Ondo, oso ondo. Ez gara aitzakiekin ibiliko. Azkar gabiltza, entrenamendu onak egiten, negua aurrera joan den heinean geroz eta azkarrago, ustez. Datu objektiboak badauzkagu, azkar gabiltzala, ondo gabiltzala, aurreko urteetan baino azkarrago… eta lehian hori agerian utzi behar dugu. Maila honetako talde batek lehiatzen ere jakin behar duela uste dut, maila eman behar duela, eta horretan saiatuko gara.
Aldaketak egon dira taldean. Arraunlariak guztiz batuak ikusten dituzu?
Bai, aldaketak egon dira, aldaketa dezente gainera. Baina niretzat taldean urteak daramatzen arraunlarien konpromisoa da garrantzitsuena; Sardon, Iurramenditarrak, Aranegi, Ander patroia… eta ez nuke inor ere ahaztu nahi. Taldearen muina hortik dator, eta arraunlari berriak ere maila onarekin etorri zaizkigu, oso ongi sartu zaizkigu taldean eta zorionekoak gara, taldea oso batuta dugulako.
Ilusioa zabaldu daiteke orduan? Benetako jauzi hori emango du aurten Donostiarrak?
Esperantza horrekin gaude; ilusioa sekula ez dugu galdu. Momentu honetan aspaldian izan dugun mailarik onenean gaudela uste dut, eta espero dugu udara ere hala etortzea.
Presidente berriaren lana nabari da jada, komunikazio kanpainan behintzat. Barrutik ere nabaritu duzue?
Uste dut klubari ongi etorri zaiola presidente aldaketa. Beste ilusio ukitu bat, berritasun bat, beste egoera bat zabaldu da klubean, egoera eguneratuago bat, modernoagoa. Klubari eta inguruari nik uste dut halako ilusio ukitu bat eta aurrera egiteko bide bat irekitzen diola, eta denok zorioneko gaude.
Hiriaren babesa nabari duzue?
Bai. Esker onekoak izan behar dugu. Udalak ematen digun laguntza handi hori, taberna txikiena, bazkideak, elkarteak… aukera ematen digute neguan geroz eta lan egokiagoa egiteko, egoera hobeagoan, maila hobea emateko, eta lehia datorrenean hobeto egoteko. Hori azkenean kirolean garrantzitsuena da. Prestakuntza egoki bat edukitzea eta bide hori ahalik eta egokien egitea, gero, emaitzak etortzeko.
Zer dakizu gainontzeko taldeei buruz?
Maila onean ibiliko direla. Liga gero eta lehiakorragoa da, estuagoa. Zumaia, Getaria, Pedreña, Isuntza… talde historikoak dira-eta gure Ligan daudenak, eta gerra handia emango dutenak. Horien parean ibiltzeko eta horien gainetik aritzeko, asko egin beharko dugu. Era berean, beraiek ere gure aurretik ibili nahi badute, asko estutu beharko dute. Gerrarako prest, ea zer gertatzen den.
Ligako lehenengo estropada Zarautzen izango duzue.
Bai, hori da. Datozen bi asteburuetan Lekeition eta Mutrikun izango ditugu denboraldi aurreko bi estropada, eta ahalik eta hoberen prestatzen ari gara. Ea Liga hasierarako ondo-ondo iristen garen.