Astelehenean egin zuten Jagoba Codori eta bere senideei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea, Easo plazan. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Jagoba Codo preso amaratarrak Espondilitis Ankilosante izenarekin ezagutzen den patologia erreumatikoa du. Gaixotasun kronikoa eta larria denez, legea aplikatuz gero, kalean egon beharko luke. Hala izan ordez,
Martuteneko espetxean azken lau urteak eman ondoren, Castelloko espetxera urrundu berri dute. Codok 51 urte ditu, eta 14 urte eman ditu dagoeneko kartzelan.
Hain zuzen ere, gaixo larrien zerrendan sartu eta gero sakabanatu dute. Horrenbestez,
Sarek «mendekua» besterik ez du ikusten erabakiaren atzean: «Deigarria da momentu honetan sakabanatu izana. Deigarria da lau urtez Martutenen izan eta gero, gaixo larrien zerrendan sartu eta hilabete baino gutxiago bete denean urrundu izana. Ahatik, gaixotasunak sintomatologia nabarmenenak aurkezten dituen momentuan».
Martutenen egotetik
482 kilometrora eraman dute Codo. Familiak eta lagunek 964 kilometro egin behar dituzte orain errepidean, joan-etorrian, senidea bisitatzeko; 13 orduko bidaia, alegia. Are eta gehiago, presoen aldeko mugimenduak salatu du Euskal Herritik urrun zailagoa izango dutela amaratarrak behar dituen zaintza medikuak bermatzea. Izan ere, Sarek gogora ekarri du sabanatuta zegoenean ez zutela bere gaitza diagnostikatu: «Duela lau urte hortz inplante batzuk egiteko Martuteneko espetxera ekarri zuten, eta bertan zela ordura arte aintzat hartu ez zituzten bizkarreko minak ikuskatzen hasi ziren medikuak, pairatzen zituen min jasangaitzen ondorioz. Beraz, deigarria da, Martuteneko espetxera gerturatua izan ez balitz, ziurrenik ez zuketela bere gaitza diagnostikatuko; sakabanaketaren eraginez, alegia».
Codok pairatzen duen gaixotasunak, heriotza eragingo ez badio ere, gaixotasun larri bat da, sendaezina. Hala ere, tratamendu egoki batekin gaixotasuna okertzea ekidin daiteke. «Espetxean tratamendu eta zaintza egokirik jaso ezingo duenez, horiek gabe igarotzen duen egun bakoitzak atzera bueltarik gabeko ondorioak sortuko dizkio», nabarmendu du Sarek. Konponbidea «guztion ahotan» dagoenean, giza eskubideak urratzea «ulertezina» dela berretsi du presoen aldeko mugimenduak: «Sufrimendu eta mendeku estrategia batek bultzatutako neurri gisa besterik ezin dugu ulertu».
Sarek batzar ireki batera deitu ditu herritarrak, ekainaren 20rako, Codoren egoera azaldu eta aurrerantzean egingo dituzten protestak elkarrekin erabakitzeko. Bilera 11:30ean izango da, Arroka kaleko 2. zenbakiko egoitzan.
Trenor eta Oa
Bestalde, Sare kezkatuta dago sakabanatuta dauden gainontzeko 64 preso donostiarrekin;
Karlos Trenorrekin, bereziki. 71 urte ditu, eta adina kontutan izanda etxean egon beharko luke. Joan den astean,
Oier Oak Donostiara itzuli ahal izango duela jakinarazi zuten. Konfinatuta zuten Parisen. Dena den, albistea «gazigozoa» dela onartu du Sarek: «Oraindik ere Frantzian sartzeko debekua izango du, eta ezingo du Larresoron bizi, bere emazte eta haurrekin».