EAJko ordezkariak hiriko aginte-makila hartu du, Juan Karlos Izagirre alkate ohiaren eskutik
Eneko Goia, hiriko aginte-makilarekin. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
EAJko ordezkari Eneko Goia Donostiako alkate berria da. 10:00ak baino lehen hartu du aginte-makila Juan Karlos Izagirreren eskutik, Udalbatza osatzeko saioan. EAJko bederatzi zinegotziek Eneko Goiaren hautagaitzaren alde bozkatu dute; PPko hiru zinegotziek, Miren Albisturren alde; eta Irabazi Donostiako bi zinegotziek, Amaia Martinen alde. PSE-EEk eta EH Bilduk ez dute hautagairik aurkeztu alkate izateko, eta zuri bozkatu dute. Jeltzaleek bozketan gehiengorik lortu ez dutenez, udal hauteskundeetan hautagai bozkatuena izan zena izendatu dute alkate: Eneko Goia, hain zuzen ere.
Kargua hartu eta bere lehen diskurtsoan, Goiak hiriko alkate izan direnei aitortza egin die. Zendutako Jesus Maria Alkain eta Ramon Labaien gogoan izan ditu, eta aretoan bertan ziren Xabier Albistur, Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreri eskerrak eman dizkie, “Donostiarekiko erakutsitako konpromisoagatik, desberdintasunen gainetik”. Goiaren hitzetan, “garrantzitsua da gogoratzea gauzak ez direla hasten pertsona bat iristen denean, kate baten parte gara, eta nik argi daukat beste kate-maila bat naizela”.
Hitz horien ondoren, hurrengo lau urteetan izango dituzten helburuak aipatu ditu. Hiru aipatu zituen, erronka nagusi gisa: Donostia 2016, herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta bakea eta elkarbizitzari ekiteko konpromisoa. “2016. urtean asko dugu jokoan. Munduari zer eta nor garen erakusteko aukera izango dugu, baita Donostia hobetzeko parada ere. Donostiar guztiak beharrezkoak izango ditugu bide horretan. Proiektu honek elkartzen gaitu, anitza da, eta denontzat lekua dago”, esan du. “Beste erronketako bat donostiar guztiei duintasunez bizitzeko aukera ematea da, bazterkeriarik gabe. Aberastasuna sortzeko gai izan behar dugu, arlo ekonomikoan eta, batez ere, maila sozialean”, nabarmendu du. “Garai berriak dira, bakeari eta elkarbizitzari ekiteko garaia, errespetuarekin eta elkarrizketan oinarritua. Elkar ulertu beharra dugu, gizarteak eskatzen duelako. Elkarbizitzan aritzen ikasi behar dugu, errespetutik abiatuta. Elkarrizketak izan behar du tresna, eta memoria antidoto eta txertoa, berriro gerta ez dadin”, adierazi du Eneko Goiak.
Udalari dagokionez, alderdi guztiekin hitz egiteko konpromisoa hartzen duela jakinarazi du, eta herritarrentzat izan ditu azken hitzak: “Donostiarrak dira protagonistak, etorkizunaren jabe. Zuekin egin nahi dut ibilbidea, donostiarra izateko harrotasunez. Zuen zerbitzura naukazue”, erantsi du.