Erakundeetan, epaitegietan, osasungintzan, garraio publikoetan, dendetan... hizkuntza eskubideen urraketa nonahi gertatzen da, Behatokiak aurkeztu berri duen 2014. urteko txostena lekuko.
Urumea bazterrean dagoen polizia etxea. Kartela gaztelera hutsean dagoela ikus daiteke, herritar batek salatu bezala. (Argazkia: Lide Ferreira)
Euskararen Telefonoa Behatokiaren doaneko zerbitzua da. Hizkuntza eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna zuzen eta eraginkorra izan nahi du. Zerbitzu hau Euskal Herriko edozein herritarren eta elkarteren eskura dago». Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren azalpena da hori, herritarren kexak, zorionak eta kontsultak biltzeko sortutako tresnaren izaerari buruz.
Hain zuzen ere, Behatokiak Euskararen Telefonoaren iazko datuak jakinarazi berri ditu: 936 kexa eta 43 zorion jaso zituzten 2014an; Donostian gertatutako hainbat kasu, tartean. IRUTXULOKO HITZAk aukeraketa bat egin du salaketa horien artean.
Iazko txostenari so eginez gero, hizkuntza eskubideen urraketak erabaki ofizialetan ere ematen direla ikus daiteke. Donostiako Gizarte Arloko 2. Epaitegiaren ebazpen baten arabera, Dbus enpresa publikoko autobus gidari izateko ez omen da beharrezkoa euskara jakitea, «autobus gidarien lanean garrantzia gutxi duelako zerbitzuaren erabiltzaileei arreta emateak». Hiriko biztanleen ama-hizkuntzen datuak eta euskararen kale erabileraren neurketak baliatuz justifikatu zuen erabakia.
UGT sindikatuaren salaketa bat dago erabaki horren jatorrian. Dbusek autobus gidari izateko lanpostuen deialdia egin zuen, eta lan poltsa berriak osatzeko euskara eta gaztelania ezagutzea beharrezkotzat jo zuen. UGTk, ordea, errekurtsoa aurkeztu zuen epaitegian, neurriak langile batzuk diskriminatzen zituela iritzita.
Euskotrenen inguruan ere egon dira kexak, herritar batek egindakoa kasu honetan: «Gaueko 10:00etan, Lugaritzeko Euskotrenen geltokian. Txartelak ateratzeko makinak gaztelaniaz bakarrik eskaintzen du pantaila, Mugi txartelaren errekarga egiteko. Aspaldiko arazoa da diru makina guztietan, baina atzo gogorarazi zidan artean ez dutela konpondu».
Ezetz dio Poliziak
Polizia etxeetan ere ez dute bermatu euskararen ofizialtasun izaera. «Martxoaren 3an, Donostian izan nintzen nire seme-alabei nortasun agiria ateratzeko. Eraikinean ‘Centro Nacional de Policia’ jartzen zuen; harrerako langileak gaztelaniaz soilik egiten zuen; itxarongelan makina bat dago txanda hartzeko, gaztelaniaz soilik; gela berean beste makina bat dago nortasun agiri elektronikoaren izapideak egiteko, gaztelaniaz soilik», salatu zuen herritar batek.
Ez dirudi erantzunak, Gipuzkoako Komisaldegiko idazkari orokorrak sinatuta, salatzailea asetuko zuenik: «Administrazio Publikoetan kexa edo iradokizun bat jartzeko funtsezko betekizun bat da filiazio datuak azaltzea, erantzun egoki bat eman ahal izateko gaiei. Zuen idatzian kexa jarri duen pertsonaren filiazioa ez datorrenez –konfidentzialtasuna babesten du Behatokiak–, ezin da zehazki egiaztatu pertsona hori benetan polizia etxe honetan izan zen, ezta egin zituen izapideak ere. Hala ere, jakinarazten dizuegu, Probintziako polizia etxe honetan eta NAN eta Pasaporte Zerbitzuan badirela funtzionario elebidunak, euskaraz artatuak izan nahi duen pertsonentzat, eta horrela zehazten dela bulego hauetan agertzen diren iragarkietan. Bulego hauetan, gainera, ez dago ‘Centro Nacional de Policia’ dioen kartelik. Kontutan hartuko dugu zuen idatzia».
Osasungintzarekin lotutako adibideak ere badaude: «Uztailaren 22an, goizeko 10:00ak aldera, ikusmenaren eremua neurtzeko proba egitera joan nintzen Donostia Ospitalera. Bertako teknikariak, jaiotza data eskatzerakoan, gaztelaniaz egin zidan eta nik berari pare bat aldiz euskaraz erantzun nion. Ulertu ez zidanez, gaztelaniaz erantzun behar izan nion. Eman zizkidan gainontzeko azalpenetan ere gaztelaniaz egin zidan».
Kasu honetan, Donostia Ospitaleko zuzendari gerenteak bere «atsekabea» adierazi zion herritarrari, eta onartu zuen ez zegoela euskara egiten zuen profesionalik gune horretan. Neurriak hartuko zituztela jakinarazi zion.
Osasungintza utzi gabe, hirian gertatutako beste kasu bat jaso du txostenak: «Lagun batekin Amarako osasun-etxera joan nintzen, lagunari azterketa bat egin behar ziotelako. Txanda iristean, gaztelaniaz bakarrik esaten zuten bozgorailuetatik gaixoak nora joan behar zuen; adibidez, ‘Juan, puerta numero 5’. Txanda guztiak gaztelania hutsean eman zituzten».
Gabonetako zorion mezuen aipamena ere ez da falta: «Kursaaletik ‘Felices fiestas y Año Nuevo’ gaia duen mezu elektronikoa jaso dugu. Mezua klikatu arteko adierazpen guztiak espainera hutsean daude. Mezua zabaldutakoan ere ‘Urte berri on 15’ da euskaraz ikus daitekeen esaldi bakarra. gainerako guztia erdaraz baino ez da ageri».
Beste honek euskaraz artatua izatea ez zuen lortu: «Eroskik Garbera merkataritza gunean duen mugikorrentzako postuan langile erdalduna topatu nuen, eta segurtasunekoak ere ez zekien euskaraz». Gauza bera gertatu zitzaion honi: «Uztaila bukaera aldera, Euskaltelen Donostiako Mirakruz kaleko saltokian izan ginen eta ez genuen arreta euskaraz jaso».
Agintarientzat ere badaude kritikak: «Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburu Fundazioak ez du euskaraz jakitea eskatu zuzendari berria aukeratzeko onetsitako baldintzetan. Zer ezagutza izango du euskal kulturaz ez dakien zuzendariak?».
Donostia Kirolari zuzendutako kexa da honako hau: «Donostiako Udalak uda garaian egiten duen kirol arloko ikastaroak begiratuta, Ondarretako Real Club de Tenis-ean teniseko ikastaroa egiteko izena eman nuen, eta niretzat ordutegi egokiena ez izan arren, ikastaroa euskaraz egiteko aukera hartu nuen. Bertara heldutakoan, ordea, irakasleak bi taldetan banandu gintuen, izen ematerako garaian egin genuen hizkuntza hautua kontutan hartu gabe. Horrela, gure taldean euskaraz ez zekien jendea tokatu eta ikastaro guztia gaztelaniaz egin behar izan genuen».
Petriati: «Herritarra oztopoei aurre egiteko prest dagoela ikusi dugu»
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak argi du Euskararen Telefonoaren bitartez helarazitako gertaerek agerian jartzen dutela gero eta gehiago direla euskaraz bizi nahi duten herritarrak, eta gero eta determinazio handiagoarekin ekiten diotela euren nahi hori errealitate bihurtzeko jardunari.
Iaz jasotako bizipenak aintzat hartuta, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatiren hizetan, «herritarra oztopoei aurre egiteko prest dagoela ikusi dugu eta saiatzen da konponbidea bilatzen, egoera hori hobetzeko zerbait egiten». Horretarako, laguntza eta elkartasuna eskatu eta bilatzen dituela nabarmendu du: «Horrela jotzen du Behatokira. Elkarlanean aldaketa eragin dezakegula ikusi ahal izan dugu».
Euskaltzale aktiboa indartzen ari dela ere berretsi du Petriatik: «Ahalduntzea errealitate bat da. Egoera aldatzea lortzen da eta argi dugu aldaketa txiki askoren ondorio izango dela aldaketa handia».
Eremu guztietan
Testuinguru orokor baten baitan ematen dira salatutako egoerak, Petriatiren arabera: «Euskal Herriko eremu administratibo guztietan, estatu administrazioak, administrazio autonomikoak eta toki administrazioak, arlo publikoan zein sektore sozioekonomikoan gertatzen dira urraketak».
Behatokiko zuzendariak dio erantzukizunak dituzten pertsonak eta arduradunak maiz uzkurtzen direla urraketa egoeren aurrean. «Hainbatetan utzikeriaz jokatzen dute. Kritikagarria da agintarien aldetik euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahalegina ez egitea», erantsi du.