Edozein elkarte, enpresa edo herritar taldek aurkeztu dezake bere proposamena, Donostia 2016k zabaldutako deialdi berrirako
Amara Bai auzo elkarteko Harkaitz Aranburu, Donostia 2016ko Partaidetza arduradun Enara Garcia, eta Conexiones Improbableseko Roberto Gomez. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Auzolab proiektuaren eboluzioa da
Hibrilaldiak; Donostia 2016 hiriburutzak abian jarritako lan metodologietako bat. Elkarte, enpresa edo herritar talde batek erronka bati aurre egiteko erabili dezakeen metodologi bat da Hibrilaldiak. Lan-prozesu horretan, taldearekin zerikusirik ez duen profesional baten laguntza izango dute, euren erronka lortzen laguntzeko bidean. Deialdi ireki baten bidez, interesa zuen edozein taldek izan du jada prozesu horretan parte hartzeko aukera, eta Amara Bai auzo elkartea eta Eibarko Bereibar izan ziren hautatuak. 2016a bitartean, beste hiru deialdi egingo dituzte. Gaur bertan zabaldu dute hurrengo deialdian parte hartzeko aukera, eta hilabetez egongo da
proposamenak bidaltzeko aukera zabalik, hau da, uztailaren 19a arte. Guztiaren berri eman dute Amara Bai auzo elkartearen egoitzan egindako aurkezpenean, gaur goizean, Amara Bai elkartearen egoitzan.
Conexiones Inprobables enpresa arduratzen ari da Hibridaldiak kudeatzeaz, eta bertako kide Roberto Gomez oso pozik agertu da: “Urteak daramatzagu pertsona desberdinak batzen erronkei aurre egiteko. Aniztasuna oso faktore garrantzitsua da sorkuntza bultzatzeko, eta indartu egin behar dugu”.
Amara Bai auzo elkarteko Harkaitz Aranburu oso pozik agertu da eurek izandako esperientziarekin. “Hogei urteren ostean, zerbait idatzia izatea lortu dugu, hurrengoek zeri heldu izan dezaten”, aipatu du elkarteko kideak. Amara Baik auzoko kultur jarduerak bultzatu nahi zituen. Erronka hori burutzeko, Mikel Morlas aritu da beraiekin lanean. Prozesuaren barnean, Amarako mapa bat marrazturik zuen panel bat osatu zuten, eta kalera irten ziren, auzotarrei galdera hau luzatuz: “Zein tokik, pertsonak, kolektibok, erakundek eta ekitaldik eraikitzen dute edo eraiki dezakete kultura Amaran?”. Auzotarrek euren erantzunak eman zituzten, panelean papertxoak jarriz, eta jasotako guztia aurrera begira egingo dituzten jardueretarako erabiliko du Amara Baik. “Balio izan digu konturatzeko, adibidez, Urumea ibaia hortxe dugula, auzoaren parte dela, eta ezin garela bizkarra ematen egon”, gehitu du Aranburuk.
Zalantzak argitzeko, Arantxa Mendiharat Conexiones Improbables taldeko kidearekin harremanetan jartzeko aukera dago,
am@conexionesimprobables posta elektronikora idatziz.