Joseba Permachi eta Joseba Alvarezi elkartasuna adierazi diete hiru alderdiek.
Herriko tabernen auziaren aurkako pankarta atzoko San Joan gauean. (Argazkia: Lide Ferreira)
EAJk, EH Bilduk eta Irabazi Donostiak adierazpen bateratua egin dute gaur, makroepaiketa politikoak amaitzeko eskatuz. Hiru alderdiek sinatutako aldarrikapenean,
35/02 epaia gaitzesten dute,
“dena ETA da” teoriaren aitzakipean duela hamabi urte baino gehiago irekitako auzia dela egotziz.
Hiru alderdiek nabarmendu dute garai politiko berri eta itxaropentsuak irekiak diren uneotan makroepaiketa politikoek ez dutela lekurik, eta horiek
“iraganeko argazkiak” direla aldarrikatu dute.
Sinatutako aldarrikapenean, oinarri beretik etorri ziren orduan hainbat egunkariren itxiera, indar politikoen ilegalizazioak eta ehunka pertsonen atxilotze eta espetxeratzea salatzen dute hiru alderdiek: “Eskubide zibil eta politikoen urraketa ageriko honek orotariko erakunde, norbanako eta instituzioen arbuiatze argia ekarri du urteotan, baita nazioarteko erakunde eta instantzia juridikoena ere”.
Epai horren azken sententziak
104 herriko taberna konfiskatzea ekarri du, eta baita hainbat espetxe zigor ere; hiru alderdien arabera, guzti honek oinarri ezkorra jartzen du, bai datozen epaiketei begira eta baita egun bizi den egoera politikoari begira ere.
Hau da EAJk, EH Bilduk eta Irabazi Donostiak sinatutako adierazpenean zehaztu dutena:
– “Eskubide zibil eta politikoen defentsan, horrelako egoerak atzerapausu nabarmenak dira gure herrian. Are gehiago egungo testuinguru politikoan. Eskubide guztiak pertsona guztientzat. Makroepaiketa politikoekin amaitzeko eskatzen dugu”.
– “Donostiako Udaleko zinegotziak izan diren
Joseba Permachi eta
Joseba Alvarezi, azken hau udal langilea, epai honen aurka gauden heinean, gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Hala nola, kaltetuak suertatu diren elkarte eta tabernetako langileei eta bazkideei ere”.
– “Egun bizi dugun egoera politiko berrian horrelako gertaerek lekurik ez dutela adierazi nahi dugu, eta gure salaketa irmoa mahaigaineratu. Hala nola, bake iraunkor eta justu bat eraikitzeko uneotan, horrelako egoerak eman ez daitezen lan egingo dugula nabarmentzen dugu Donostiako Udaletik”.