Agintaldi honetarako asmoen berri emateko eskatu die EH Bilduk EAJ eta PSE-EEri.
Amaia Almirall, gaur udaletxean egin duen agerraldian. (Argazkia: Lide Ferreira)
EH Bilduk udal gobernuko zinegotzien agerraldia eskatu du gaur goizean udaletxean egin duen prentsaurrekoan. Zehazki,
agintaldi honetarako duten programa, asmo eta helburuen berri jaso nahi dutela jakinarazi du EH Bilduko bozeramaile
Amaia Almirallek. Era berean, Eneko Goia alkatearen agerraldia eskatzen dute, bere gobernu programaren berri eman dezan.
“Agintaldia hasi da, eta badakigu EAJ eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak Donostiara zezenketak ekarriko dituela. Baina, hori alde batera utzita, ez dakigu beste ezer bere asmoez: zer ildo eta helburu dituzten hirigintzan, mugikortasunean, kulturan, gizarte ongizatean, euskaran…”. Hori dela eta, uste dute arlo horien ardura hartu duten zinegotziek horren berri eman behar dutela dagokien batzordean, “hori baita
gardetasun ariketa, edozein gobernuk egin beharrekoa, eta batez ere donostiar guztion eskubidea“.
Eskaera berdina egin nahi dute EAJren eta PSE-EEren gobernu programari dagokionez: “Ezagutzen dugu haien arteko akordioan jasotakoa, baina erabat zehazgabea da, asmo oso orokorretaz ari da, eta argi dago donostiarrek udal gobernuaren ildoa askoz zehatzago ezagutzeko eskubidea dutela”, nabarmendu du Almirallek. Horregatik,
Eneko Goiaren agerraldia eskatu dute, dagokion batzordean. “Denboraz eta patxadaz jakin dezaten iragartzen dugu, eta behar dituzten azalpenak prestatzeko aukera izan dezaten”.
Beraz, udal gobernuak gobernatzen hasi behar duela esan du EH Bilduko bozeramaileak, “bere asmoak argiki eta zehaztasunez azaltzeko”. EH Bildun uste dute badela garaia hori egiteko, herritarrei gardentasuna zor zaiela: “Donostiarrek jakin behar dute alor bakoitzean zer lehentasun duten EAJ eta PSE-EEk”, amaitu du.