Gaur egin dute legegintzaldiko lehen Tokiko Gobernu Batzarra, eta Donostiako alkate Eneko Goiak adostutako neurriak azaldu ditu.
Donostiako alkate Eneko Goiak legegintzaldiko lehen neurriak azaldu ditu. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako alkate Eneko Goiak agerraldia egin du gaur, legegintzaldiko lehen Tokiko Gobernu Batzarra egin ondoren. Batzarra astearte batean bildu da, eta aurrerantzean hala izango dela iragarri du alkateak. Gainera, batzar bakoitzaren ondoren prentsaurrekoa eskainiko du, adostutako gaiak azaltzeko.
Hain zuzen ere, lehen batzarrean 16 gai eztabaidatu dituztela adierazi du Goiak, eta horietatik 14 onartu dituzte. Azpimarratzekoak direnak azaldu ditu alkateak.
1) Lourdesenea: Intxaurrondoko inguru hori hobetzeko planaren hasierako onarpena egin dute. Horrela, inguruan
28 etxebizitza eraikiko dituzte, horietatik 6 babes ofizialekoak. Gainera, Zubiaurre hobeto komunikatuta egongo da, 555 metro ibiltzetik 220 metro erabiltzera pasako baitira herritarrak.
2) Smart City eta argiztapen adimentsua: Kale Nagusian jada martxan dagoen Smart City proiektua esleitu dute. Berritasunen artean, farolen motorrak egokituko dituzte, horiek jende kopuruaren arabera argi gehiago edo gutxiago eman dezaten. Alkateak nabarmendu du lehen esperientzia biziko duela hiriak neurri horretan.
3) Gazte elkarteei dirulaguntzak: Batzordeak
47.000 euroko dirulaguntza adostu du laguntza eskatu duten gazte elkarteen artean banatzeko.
4) Udal Batzordeak: Hilaren 13an, hau da, datorren astelehenean, aurreko udalbatzarran adostutako udal batzordeak sortuko dituzte. Atal horretan, alkateak adierazi du udal gobernuaren borondatea dela
bi batzordeetako presidentzia oposizioaren esku uztea. Horrela, bi batzorde berezi iraunkorren presidente izango da oposizioa, bata
Kontuen Batzorde Berezia eta bestea
Kontratazioa Kontrolatzeko eta Jakitun Egoteko Batzorde Berezia. Bestalde, alkateak gaineratu du gainontzeko batzordeetan presidenteordetza eskainiko dietela oposizioko kideei.
Datorren astera begira
Alkateak datorren astean argituko ditu gaur eztabaidatutako gaietako batzuk; hauek dira airean dauden gaiak:
5) Administrazioko zuzendaritzak: Udaleko administrazio taldeko zuzendaritzak datorren astean erabakiko dituzte.
6) Txomin Eneako proiektua: Aurreko astean Espainiako Auzitegi Gorenak egindako epaiak udalaren proiektuaren aurka egiten du, eta Goiaren esanetan, konplexua da proiektua aurrera ateratzeko hartu beharreko neurriak zehaztea. Horregatik, teknikoei txostenak eskatu dizkiete, eta hilaren 15ean argituko dute proiektuaren etorkizuna, beraz.
Dagoeneko martxan dauden proiektuak
Azkenik, alkatea dagoeneko hartutako erabakietako batzuen inguruan mintzatu da, hala nola
zezenketak eta
hiriaren garbitasuna. Hain zuzen ere, sarean azken asteetan indarrean dabilen zezenketen aurkako plataformak dagoeneko 11.000 sinadura bildu ditu; dena den, alkateak gogoratu du zezenketak jarduera legala direla, eta bere ustez, udalak ez duela erabaki behar zezenketen alde edo aurka egin behar duten. Bestalde, hiriaren garbiketan buru belarri dabiltzala aipatu du, horretarako brigada berezia martxan ipinita; Kontxako baranda margotu berri dutela nabarmendu du.