Itsaso Gutierrez: 'Hutsegia'
Uda dator. Gazteago nintzenean aro guztietan berezienatzat nuen hau. Nire gorputza arropa eta jantziez estali ostean urtean zehar sortutako arrasto orbain marka txikiena miatzen nuen, aztertzen. Urtez urte gorputza moldatzen, aldatzen, ximeltzen joan zait. Udaren argitasun eta beroak biluziago egotera behartzen nau eta harekin dakar errealitatea. Udak deseraikitze gehienak ekarri ohi dizkit. Ingurukoak bere horretan taldean doaz, hondartzara, tabernaz-taberna, mendi muturretara… Bakardadeak higiezin uzten nau. Taldean taldeko ez bainaiz sentitzen. Soziala ez izatera beharturik aislaturik dauden txokoak bilatu ohi ditut mapetan. Munduaren korronteak ez baitu begirik niretzat. Ezta ni bezalakoentzat. Umea nintzela parkeko izkinaren batean egoten nintzen amarekin, beste umeek nola jolasten zuten ikusten. Barruak korapilatu, txikitu, hustu egiten zitzaizkidan. Ez genuen luze iraun. Amarekin bakardadea askatasuna zen. Autonomia. Nire gabeziak ahazten nituen. Barrea ere algaraka egiten nuen. Gehiegi babestu ote ninduen zalantzaz joan zen minbiziak jota. Urte eskasa iraun zuen medikuen eskutan. Ospitaleko gela txiki hartan utzi ninduen bakardade gordinenean. Amarik gabeko bakardadea handia da. Handiegia. Hutsa. Hutsegia.
Uda datorrelako mapak miatzen ditut etxeko paretek irents ez nazaten. Barneko bidaiak besterik ez ditut egiten. Jaio eta gaurdaino nirekin, soilik nirekin hainbeste urtez egongo nintzela jakin ez nekien. Ni izate bakar. Gorputz tolestu baten menpean. Gizarte-eredurik ez baitago niretzat ezta ni bezalakoentzat. Ama nuen existentzia-eredu soil. Ama eta bere hitzak, mezuak, eskuak, besoak. Nire existentzia hezur-haragitzen zuen. Naturaltzat hartzen zituen nire zalantzak, munduak ikusten ez ninduela esaten nion horietan. Baina udan, egitateak pisu hartzen du. Jendartea, etxetik kalerako saltoa egiten duenean. Mundua taldetan antolatua dagoenean. Eta taldeetan banako-eredurik ez dagoenean. Subjektu hutsa naiz. Gara ni bezalakoak. Eragotzi besterik ez baitut egiten. Espazioen zirrikituak dira soilik niretzat gordea, eta ni bezalakoentzat, paraplegikoak garenontzat.