Bikote mistoetan, bizikleten eta oinezkoen arteko trafikoan lagunduko dute; udalak aurkeztu du gaur esperientzia pilotua.
Mugikortasuneko agenteak bikoteka ibiliko dira hirian. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udan nabarmen handitzen da bizikleten trafikoa, eta hiriko hainbat guneetan arazoak sortzen dira beste garraiobide eta oinezkoekin. Arazo horiek konpondu eta guztien joan etorrietan laguntzeko helburuarekin,
udalak esperientzia pilotu berria aurkeztu du gaur; horrela, hemendik aurrera
mugikortuasun agenteetako batzuk bizikletan ibiliko dira hiritik. Agenteek bere burua eskaini dute esperientzia honetarako, eta gizon-emakumez osatutako bikote mistoetan aterako dira. Mugikortasuneko eta Garraioko zinegotzi
Pilar Aranak eta Herri Segurtasuneko zinegotzi
Martin Ibabek aurkeztu dute proiektua,
Anjel Kerejeta udaleko teknikariarekin batera.
Herritarrak kontzientziatzea eta garraiobide mota guztietako erabiltzaileak elkarrekin ondo moldatzeko modua egitea da bizikletaz joango diren mugikortasuneko agenteen eginkizun nagusia. Aranak nabarmendu duenez,
trafikoan lagundu eta informatzea izango da beren lana; dena den, isunak jartzeko ahalmena izango dute: “Uda honetan proba bat egingo dugu, esperientzia lortzeko eta behar diren oinarriak ezartzeko, bizikletaz joango diren mugikortasuneko agenteen zerbitzu hau etorkizunean finkatu ahal izan dadin, jarraitzeko bokazioa baitu. Gainera, ez dugu ahaztu behar bizikletak garrantzi berezia izango duela Donostia 2016an”.
Jada martxan jarriko dute esperientzia, eta ondo ateratzen bada, urte guztian zehar mantenduko dute. Bi agentek hartuko dute parte laneko txanda bakoitzeko, garraio publikoa erabiltzen duten garraio mota guztietako erabiltzaileak heztea eta haien arteko bizikidetza erraztea helburu hartuta.
Bizikletaz joango diren mugikortasuneko agenteak hiriko
bidegorri sarean barrena ibiliko dira eta eginkizun hauek izango dituzte:
–
Eredu izatea herritarrentzat: Bizikleta eskuan ibiltzea espaloietan eta oinezko asko dabilen oinezkoentzako guneetan.
–
Kalean ikustea, gizabidea eta bizikidetza sustatzeko: Arreta berezia ematea DBIZIren geralekuetan, bandalismoa ekiditeko.
–
Bizikleta azpiegiturak behar bezala erabiltzen direla kontrolatzea: Korrikalaririk eta oinezkorik ez izatea bizikleta bideetan, bizikletazaleak txakurrekin ez joatea…
–
Oinezkoentzako azpiegiturak behar bezala erabiltzen direla kontrolatzea: Araudia gogoraraztea eta betearaztea (espaloietan ez ibiltzea, eskuko telefonoak, kaskoa…).
–
Arazo gehien izaten duten puntuen jarraipena egitea eta arreta berezia jartzea: Segurtasuna, oinezkoen eta bizikletazaleen arteko gatazkak ekiditea.
–
Seinaleztatze, mantentze eta bizikidetza arazoak detektatzea.
–
Bizikletak uzteko lekuetatik kanpo dauden bizikletak kontrolatzea: Enbarazu egiten duten edo egoera txarrean dauden ikusteko.
–
Zigorra jartzea: Gizabidearen aurkako ekintzarik egin bada edo beste erabiltzaileentzat edo norberarentzat arriskutsu izan daitekeen ekintzarik egin bada, isunak ipiniko dituzte.