Hondarribia eta Zumaia, Gipuzkoako txapeldun
Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu dute gaur, Donostiako uretan. Emakumeen txanda izan da lehenik, eta Zumaia izan da onena (10:55). Hamaika minutuko mugatik jaistea lortu duten bakarrak izan dira. Bigarren postuan San Juan sailkatu da (11:04), eta hirugarren Orio iritsi da (11:09). Laugarren Hibaika (11:10), bosgarren Zarautz (11:44), seigarren Donostiarra-Arraun Lagunak 50 urteurrena (12:00), zazpigarren Oiartzun (12:16) eta bederatzigarren Hernani (12:38) sailkatu dira.
Gizonezkoetan arazoak izan dira, baliza baten soka aske utzi baitute, eta asko luzatu da lehia arazoa konpondu nahian. Azkenean, azken txandakoek erlojupekoa egin behar izan dute kale berdinetik, arazoa ez dutelako konpondu. Atzerapenarekin bada ere, Hondarribia gailendu da (19:36). Bigarren Orio (20:03), hirugarren San Juan (20:25) eta laugarren San Pedro (20:34) sailkatu dira. Lauek Euskadiko Txapelketa jokatuko dute.
Hirugarren eta azken txanda jokatu aurretik, Donostiarra zen lehenengoa sailkapenean, nahiz eta eurak izan diren kaltetuenak balizaren arazoa dela-eta. Izan ere, kateatuta geratu da Donostiarra bigarren ziaboga ematerakoan, baina, hala ere, bigarren txanda irabazi du. Hala, estropada bikaina egin dute etxekoek, eta bosgarren postuan amaitu dute (20:56).