Eneko Goia alkateak tokiko gobernu batzordean onartutako neurriak azaldu ditu.
Eneko Goia alkateak tokiko gobernu batzordean adostutakoa azaldu du. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Tokiko gobernu batzordea egin dute gaur udaletxean, eta agindu bezala, ondoren agerraldia egin du
Eneko Goia alkateak. Gaur onartutako gaien artean hirigintzako garrantzitsuenak nabarmendu ditu alkateak, hala noka,
Musika eta Dantza eskola, kale eta errepideetako seinaleak eta
Orixe ikastolaren aurrealdea. Bestalde,
Donostia Lagunkoia programa aurkeztu du alkateak.
Musika eta Dantza eskolaren obren proiektu aldaketaren esleipena egin dute gaur, hain zuzen ere. Horrela, udal eskolaren obra Urbycolan SL enpresari esleitu diote. Goiak zehaztu duenez,
1,4 milioi euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta eskola egiteko epea 5 hilabete ingurukoa izango da.
Bestalde, tokiko gobernu batzodeak
55.000 euro bideratuko ditu bideetako eta errepideetako seinaleak margotzeko. Diru kopuru hori datozen lau urteetan erabiliko du, bi zatitan banatuta.
Horrela, lehen zati horretan, urtero
20.000 euro erabiliko dituzte bideetako seinaleak margotzeko. Tevaseñal SA eta API Movilidad SA enpresei esleitu diete margoketa lan horiek. Bigarren zatian, urtero
35.000 euro bideratuko dituzte, bideetako seinale horizontalak margotzeko. API Movilidad SA, Díez y Compañía SA eta Tevaseñal SA enpresei esleitu diete bigarren zeregina.
Azkenik, alkateak adierazi du Orixe Ikastolako aurrealdea berritzkeo kontratua esleitu dutela. Horrela, obrak Unebide Obras y Contratas SL enpresari esleitzea erabaki dute. Obra hori egiteko aurrekontua
421.000 eurokoa izango da, eta lanek hiru hilabete iraungo dute.
Donostia Lagunkoia programaren aurkezpena
Eneko Goia alkateak
Donostia Lagunkoia helduentzako hiri programa aurkeztu du ere. Programa hori 2009an diseinatu zen, eta hirian 65 urtetik gora duten biztanleei egunerokotasuna errazteko helburua du. Alkateak adierazi duenez, geroz eta gehiago dira adin hori duten hiritarrak, eta beraz, hiria eraldatzea eta egokitzea beharrezkoa ikusi du: “Gaur egun,
hiritarren %28 dira 65 urtetik gorakoak, eta
55 urte baino gehiago dituzte biztanleen % 59. Datu hori pozgarria da, geroz eta gehiago bizi garela erakusten duelako; baina hiria behar berrietara egokitu behar dugu, eta horretarako diseinatu da Donostia Lagunkoia”.
Hiritar helduenen bizi baldintzak hobetzeko helburua du programa horrek, eta
zortzi esparrutan banatu dute:
1)
Hirigintzarako diseinu eta garapen neurriak: espazio publikoetan adinekoei erraztasunak ematea, ariketa eremuak jartzea, eserleku eta iturriak, komun publikoak… Gainera, belaunaldien arteko bizikidetasuna eta harremanak ahalbidetzea eta merkataritza lagunkoia sustatuko dituzte, dendetarako eta instalazioetarako irisgarritasuna hobetuz.
2)
Garraio publikorako neurriak: linea batzuen maiztasuna handitzea, gidarien prestakuntza programa. Hobekuntzak egingo dituzte mugikortasunean, hala nola, semaforo sarea hobetu, taxi zerbitzua zehaztu, orgatxoak, trizikloak eta bestelako zerbitzuak erraztuz. Bestalde, bide heziketa, prestakuntza, kontzientzia sortzeko kanpainak egingo dituzte.
3)
Bizitegi sistema publikoa egokitu: etxebizitzari buruzko politikaren inguruan hausnartuko dute, helduen beharretara egokituz. Gainera, laguntza administratiboa eskainiko zaie, eta baita beren beharretara egokitutako ekipamendu publikoa ere.
4)
Gizarte sareak eta babesa indartu: gizarte eta komunitate sareak indartu, sentsibilizazio programak zabaldu, zahar etxeen funtzioak zehaztu,
Auzo Onaren Programa garatu, zaintzaileak prestatu.
5)
Zahartze aktiboaren ideia indartu: Informazioa eskainiz, helduek hiriko kultura eta aisialdi eskaintzan parte hartzera animatu, udal politikan parte hartuz, biltzarretan eta boluntario lanetan. Prestakuntza eskainiko dute, hala nola, euskara iksateko aukera, laneko bizitzatik erretirora igarotzeko foroak, eta orientazioa.
6)
Errespetuaren kultura garatu: Helduak errespetuz hartatzeko ekintzak sustatu, gizartearen zati sentitu daitezen.
7)
Informazio bideak bultzatu: udalak informazioa eskainiko du programaren inguruan, eta administrazioaren hizkuntza egokituko du. Bestlade, adinekoen komunikazio bideak indartuko dituzte.
8)
Gizarte eta osasun zerbitzuak malgutu eta hobetu: Langile espezializatuak jarri, helduei arreta eskaintzeko. Ordutegiak malgutu, osasuna sustatzeko programak indartu eta egoera ahulean daudenen egoera hobeto ezagutzeko neurriak jarri.