Gipuzkoa Basketeko presidente berriak adierazi du babesle nagusia lortzeko bidean daudela; «Uztailean edo abuztuan zerbait zehatzagoa jakitea espero dugu», esan du
Nekane Arzallus, Illunben, presidente ohi Alvaro Bilbaoren ondoan. (Argazkia: L.Ferreira)
Gipuzkoa Basketeko Alvaro Bilbaok eta Nekane Arzallusek agerraldia egin zuten asteartean, Illunben; hots, klubeko presidente ohiak eta berriak. Presidente izateko albisteak txundituta utzi zuen Arzallus, baina ez zuen zalantzarik izan eta berehala baiezkoa eman zuen. Asteartean, hunkituta hartu zuen Bilbaoren lekukoa, eta une batean prestatuta zuen hitzaldia eten behar izan zuen: «Urduritasuna, erantzukizuna, baina, bereziki, ilusioarekin nator. Denon laguntzarekin gai izango naiz proiektu polit hau aurrera eramateko».
Gaskara joan zen lehendabiziko aldian taldearen balioek liluratu zutela aitortu zuen Arzallusek; «zintzotasuna eta erantzukizuna». 2007an Gipuzkoa Basketera iritsi zenetik, balio horiek ez ezik, gauza ugari ere ikasi dituela azaldu zuen: «Denoi esker ikasi dut, eta argi daukat munduko talderik onena daukadala. Aro berri batean gaude; Gipuzkoa Basketek egonkortasuna izango du». Egonkortasuna lortzearekin lotuta, babesle ofizial baten falta du oraindik Gipuzkoa Basketek. Hala ere, Arzallusek babesle hori lortzeko bidean daudela aurreratu zuen: «Uztailean edo abuztuan zerbait zehatzagoa jakitea espero dugu».
Une zailak atzean utzi dituztela iritzi du Arzallusek, eta «aro berriari» etekina atera behar diotela esan zuen: «Gipuzkoako enpresa guztiek taldearekin harremana izatea gustatuko litzaidake, zaleei abantailak eskaintzea, gure aukerak kontuan hartuta talde indartsu bat egitea». Hortaz, lana eta ilusioa ez dela faltako nabarmendu zuen presidente berriak.
Arzallus ACB Ligan talde bat zuzenduko duen historiako bigarren emakumea da, 1983-1984 denboraldian Pepita Merce CB L’Hospitalet taldea zuzendu ondoren. Bere hitzetan, datua ez litzateke albiste izan beharko, «egoera normalizatu bat izan beharko luke».
Bilbao: «Ospakizun eguna»
Arzallusek hitza hartu aurretik, jada klubeko presidente ohi den Bilbaok hitz egin zuen, postua lan kontuengatik uzten duela adierazteko: «Ekarpenik egin ezin dezakedan leku batean egotea ezinezkoa da, eta orain ezin diot behar adina denbora eskaini Gipuzkoa Basketi. Gainera, klubaren egitura freskatzea egokia dela iruditzen zait».
Azken hilabete honetan klubak bizitakoaren berri eman zuen Bilbaok: «Egungo egoera lortzeko taldeak une zailak bizi izan ditu, baina gaur ospakizun eguna da». Izan ere, ekainean komunikabideekin egin zuten gosarian, Gipuzkoa Basketen jarraipena zalantzatan jarri zuen Bilbaok, denboraldia jaitsiera postuetan amaitu ondoren, eta erakundeen babes faltagatik: «Egonkortasunik gabe taldeak ezin zuen aurrera egin». Astearteko prentsaurrekoan, ordea, ACB Ligan jokatzen jarraitzeko baldintzak bete dituztela azaldu zuen presidente ohiak, eta Donostiako Udala zein aldundiaren aldetik babesa lortu dutela.
Arzallusi lekukoa pasa baino lehen, eskerrak eman nahi izan zizkien hiru denboraldietan bere ondoan egon diren guztiei. Zaleak ere ez zituen ahaztu nahi izan, eta aurrerantzean dena eskainiko dutela ziurtatu zuen: «Egungo egoera erosoagoa eta bideragarriagoa da. Zorterik onena opa diot Nekaneri».