Joko Garbi erakustaldiaren ondoren piztuko dute gaur txupina, 19:00etan. San Inazio eguna arte iraungo dute festek. Bihar, Santio egunean, soka dantza eta hamaiketakoa egingo dituzte.
Zubietako jaietako artxiboko irudia. (Argazkia: Ion Lopez)
Txupina jaurti eta jaietan murgiltzeko prest daude zubietarrak. Gaur hasi eta
San Inazio eguna arte herri jaiak ospatuko dituzte. Jaietako zapi morea janzteaz gain, mozorro bat topatu beharko dute festen hasierarako,
Mozorro eguna izendatu baitute gaurko eguna.
Aurtengo berritasuna izango da, eta modu honetan festei hasiera koloretsu bat ematea lortu nahi dute. Festen lehen orduetan egin ohi duten argazki herrikoian, beraz, mozorrotuta agertuko dira herritar guztiak. Haur eta gazteen Joko Garbi erakustaldiaren ondoren piztuko dute txupina, 19:00etan. Herri afaria egingo dute ondoren, eta Fan&Go taldearen
erromeriarekin bukatuko dute lehen eguna.
Bihar, Santio egunean, Donostiako txistularien musikarekin esnatuko dira. Meza nagusiaren ondoren, hamaiketakoa jan eta soka dantza egingo dute. Arratsaldean,
Gorriti iritsiko da bere animaliekin, eta haurrek bere ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute. Gauean,
Ipar Euskal Herriko Zezenaren taldeak kontzertua emango du, eta Laiotz-ekin erromeria egingo dute.
Igande eguerdian Ipar Euskal Herriko herri kirolen erakustaldia egingo dute: lasto altxatzea, ingude altxatzea, lasto jaurtiketa… Jubilatuen eguna izanik, bazkari berezia egingo dute Berazar jatetxean. Arratsaldean sardin eta piper jana prestatuko dute, eta gauean, herri antzerkia.
Astelehena oilasko biltzaileen eguna izango da; eta asteazkena, berriz, Umeen Eguna. Goizetik jolasak izango dituzte, eta eguerdian elkarrekin bazkalduko dute haurrek. Ur jolasekin gozatuko dute arratsaldean. Gaua bertsozaleena izango da,
Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi eta Jexux Mari Irazu ariko baitira bertsotan. Parranda zaleentzako eguna izango da osteguna: Gaupasa Eguna. Arratsaldean ginkana egingo dute, eta duela urte batzuetako futbito partida berreskuratuko dute egun honetan, 19:00etan. Gauerdian punk rock doinuek hartuko dute Zubieta:
Kaotiko, D-Pintxos eta Zesuma ariko dira zuzenean jotzen.
Ostiralean, San Inazio egunean agurtuko dituzte jaiak. Goizean prestatutako zikiroa bazkalduko dute eguerdian. Argentinako Euskal Etxetik etorritako dantza taldearen bisita izango dute. Hortaz, aukera paregabea izango dute plazako dantzak ikusiz elkarrekin gozatzeko.