Donostiako Aste Nagusiaren atarian egingo dute protesta, 17:30ean, Gipuzkoa plazatik abiatuta. ‘Politikari eta kulturari aterik ez itxi. Herrikoak libre’ leloa izango du.
Nautikoan egindako agerraldia. (Argazkia: A. Urrutikoetxea)
Libre Donostiak elkarretaratzea egin zuen asteartean Nautikoan, osteguneko udalbatzarrean aurkeztutako erakunde adierazpenaren atxikipenak entregatu, eta abuztuaren 8ko mobilizaziorako deialdia zabaltzeko. Mugimendu feministako
Kattalin Minerrek eta auzipetu eta zigortutako
Agus Rodriguezek irakurri zuten adierazpena, atxikimendua agertu duten herritar eta ordezkarien babesarekin; hain zuzen ere, kultur, gizarte eta politikako hainbat ordezkari bertan izan ziren, deialdiari babesa ematen.
Dagoeneko 800 sinadura inguru bildu dituzte Libre Donostiako kideek, herriko tabernen kontrako 35/02 prozeduraren sententziaren harira. Eskubide zibil eta politikoen aldeko adierazpena irakurri zuten Minerrek eta Rodriguezek, Aste Nagusiaren hasiera egunean egingo duten mobilizazioa aurkezteko. Horrela,
abuztuaren 8an, 17:30ean, Gipuzkoa plazan biltzeko deia luzatu zuten.
Hizlariek irakurritako testuan, gogoan izan zituzten 35/02 auziko sententziak zigortutako lau donostiarrak:
Joseba Alvarez, Joseba Permach, Juani Lizaso eta Agus Rodriguez bera. Horrekin batera, konfiskatutako
Hontza, Marruma, Herria, Haritza eta Txalaka elkarteak ere aipatu zituzten: «Euskal herritarrok urte luzez gatazka eta sufrimendua bizi izan ditugu. Azken urteotan emandako urratsek eta sortutako testuinguru berriak, justizian eta bakean oinarritutako etorkizun baterako aukera zabaltzen dute. Eragile politiko eta sozialek zein norbanakoek emandako urratsek ekarri gaituzte egoera honetara. Eta etorkizuna eraikitzen jarraitzeko, ezinbestekoa izango da denok erantzukizunez jokatzen jarraitzea».
Bide horretan, Libre Donostiako bozeramaileen esanetan, lekuz kanpo daude konponbidea oztopatu asmoz jartzen dituzten trabak; esate baterako, aipatutako prozesu judiziala eta aurreikusita dauden besteak. Aipatutako adierazpenean, sententziak gatazkaren amaieran garaile eta galtzaile eskemara eramaten dituela salatu zuten, eta horren aurkako aldarria egin zuten, sententziak kaltetutako guztiei elkartasuna adieraziz: «Eraiki beharreko eszenatoki berrian eskubide zibil eta politiko guztiak bermatu behar dira. Beraz, militante politikoen kontrako zigorrek zein herriko tabernen itxierek ez dute ez tokirik, ez zentzurik. Nola ulertu Frankismo garaiko gisako zigorrak? Nola ulertu 1936tik hona burutu den ondasun lapurreta handiena egungo testuinguruan?».
Askapenari elkartasuna
Duela 13 urte hasi zen sententzia horren prozesua, eta bertan, 107 lokal eta taberna konfiskatu zituzten. Bestalde, 20 lagun zigortu dituzte, eta 150 langileren postuak arriskuan gelditu dira. Askapenako kideak ere aipatu zituzten agerraldian, irailean 40 lagun epaituko baitituzte. Horren aurrean, alderdi sozial, kultural eta politiko guztietako ordezkariei deia luzatu zieten: «Abuztuaren 8an elkartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei, politika eta kulturari ateak ezin zaizkiela itxi aldarrikatzeko; hemen askotariko aurpegiak bildu gara, batzuk ezagunak, besteak ez horrenbeste, baina guztira 800 sinadura baino gehiago aurkeztuko ditugu udaletxean».
Erakunde adierazpenarekin batera, bestelako dinamikak bultzatzeko asmoa adierazi zuten bozeramaileek: «Abuztuaren 8ko manifestazioa ez da ohiko elkarretaratzea izango: maniFESTAzio bat antolatuko dugu, alde guztietako ideiak eta alderdiak bilduko dituena, desagerrarazi nahi dituzten elkarte eta taldeen isla izango da». Leloa ere aurkeztu zuten,
Politikari eta kulturari aterik ez itxi. Herrikoak libre.
Erakunde adierazpenak ez du aurrera egin
LAB, ELA, Donostiako Koordinadora Feminista, Eguzki, Bagera… abuztuaren 8ko mobilizazioari hainbat eragilek eta norbanakok eman diote babesa. Udal talde politikoei dagokienez, bakoitzak bere jarrera erakutsi zuen osteguneko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, eragilerekin batera osatutako erakunde adierazpena aurkeztu zuen EH Bilduk. Udalak 35/02 makrosumarioaren epaia salatu zezan zuen helburu testuak, eta, neurri batean, hala egin zuen Udalbatzaren gehiengoak. Hain justu, Bilduk, EAJk eta Irabazi Donostiak herriko tabernen aurkako epaia salatu zuten, eta elkartasuna adierazi zieten zigortutako lagunei.
Hala ere,
aurkeztutako erakunde adierazpenak ez zuen aurrera egin, Bilduk alde bozkatu arren, EAJk eta Irabazi Donostiak abstentzioaren aldeko hautua egin zutelako; adierazpenaren literaltasunarekin ados ez egoteagatik. PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Bilduko bozeramaile Amaia Almirallek esan zuen «aukera on bat» galdu dela.
Eneko Goia alkateak azaldu zuen udalbatzarrera eramandako testua ez zela eurekin adostutakoa, hiriko hainbat eragilek osatutakoa baizik, eta Bildurekin akordatutako testuaren ardatz nagusiak irakurri zituen. Bertan, eskubide zibil eta politikoen defentsan, epaia atzerapauso bat dela onartzen zuten jeltzaleek. «Bat gatoz ‘dena ETA da’ esaldiak ekarritako ondorioak gaitzesteko orduan», esan zuen Goiak.
Irabazi Donostiako bozeramaile
Amaia Martinek, bere aldetik, «azken 40 urteetan izandako indarkeriari buruzko ikuspuntuan» ez dutela bat egiten berretsi zuen, baina bere taldearen gaitzespena adierazi zuen, «giza eskubideen urraketei dagokienez». PPko bozeramaile
Miren Albisturrek Bilduk ETA gaitzestu dezala eskatu zuen, «garai berriei buruz hitz egin aurretik».
PSE-EEko zinegotzi
Enrique Ramosek adierazpenarekin ez daudela ados nabarmendu zuen. Galtzaile eta irabazleen eskemarekin bukatzea eskatzen du testuak. Bada, Ramosek uste du irabazleak egon behar dutela: «Indarkeriarekin helburu politikoak lortzerik badagoela ideia garaitu behar da».