Aste Nagusia amaitzeko, itsaso gainean plataforma batetik jaurtiko dituzte su artifizialak, musikarekin girotuta.
Turismoko zinegotzi Ernesto Gascok eta Jaietako zinegotzi Alfonso Gurpegik aurkeztu dute proposamena. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Bihar ‘urrezko minutua’ eskainiko dute
Aste Nagusiari amaiera emateko. Turismoko zinegotzi
Ernesto Gasco eta Jaietako zinegotzi
Alfonso Gurpegik
‘sorpresa’ iragarri dute gaur prentsaurrekoan, aste guztiko jaiei amaiera ‘borobila’ emateko proiektua aurkeztuz. Horrela,
Kontxako badian plataforma bat jarriko du udalak, eta bertatik botako dituzte suak; musika ere eskainiko dute, ikuskizuna osatzeko.
Plataforma badiaren erdian jarriko dute, eta 5,5 x 5 metroko azalera izango du. Plataformak 56 tona eutsi ditzake, eta 300 metroko segurtasun perimetro bat jarriko dute gunearen inguruan. Suziriak ez dira bihar arratsaldera arte eramango bertara.
Ikuskizuna musikarekin osatuko dute;
Ricardo Caballer etxeak prestatuko du emanaldia, eta ohiko suek baino altuera handiagoa izango dute biharkoek, 250 metroetaraino iritsiko baitira (ohiko tokitik botatzen direnak 180 metro izaten dituzte). Ikuskizun piroteknikoa hasi bezain laister,
film ezagunetako soinu bandak entzungai izango dira, adibidez,
Nola trebatu zure herensugea, Karibeko piratak eta
Tronu jokoa. Madonna eta Kalakanek
Sagarra jo ere eskainiko dute, eta baita Ken Zazpiren musika ere. Gainera, Franz Von Supperen
Poeta eta baserritarra eskainiko dute, Guns’n Roses, Audiomachine eta Lachrimaren doinuekin batera.
Txuri-urdina ere entzungai izango da.
Elementu berri bat amaierarako
Gascoren esanetan,
badiaren bihotzetik suak eskaintzea amaiera “bikaina” eskainiko dio aurtengo Aste Nagusiari: “Urrezko minutua eskainiko dugu, elementu berri bat Aste Nagusian txertatuz. Oso egokia iruditzen zaigu itsasoa eszenatoki bihurtzea, Europako beste hiri batzuetan egiten duten moduan; suak altuagoak izango dira, eta bizilagunei arazo gutxiago sortuko diete”.
Zinegotziak argitu du
plataforma alokatu egin dutela, eta
8.000 eta 10.000 euro bitarteko kostua izan du udalarentzat. Proiektua ondo ateratzen bada, datozen urtetan plataforma erosteko proposamena aztertuko dute: “Berritasuna ekarriko dio ikuskizun honek Aste Nagusiari; orokorrean oso aste borobila izan da, eta nabarmendu nahi ditut auzoetan egin dirne jarduerak. Sagues indartu dugu, Antiguo berreskuratu dugu, eta Amara biziberritu dugu, batez ere zezenketei esker”.