Pasealeku Berriko 47. Igeriketa Zeharkaldian irlari buelta eman behar izan diote Zurriola hondartzatik atera ordez, itsaso zakarrarengatik.
Ander Arruabarrena izan da zeharkaldiaren irabazlea. (Argazkia: A. Urrutikoetxea)
Eguraldia ez da lagun izan
Pasealeku Berriko 47. Igeriketa Zeharkaldian, eta beste behin, Kontxatik atera eta irlari buelta eman behar izan diote igerilariek, Zurriolatik atera eta Pasealeku Berria zeharkatu ordez. Urte guzti hauetan bigarren aldia da norabidea aldatu behar izan dutena, eta iaz ere aldatu zuten, itsasoaren egoera zakarraren erruz. Gaur ere, Pasealeku Berriko olatu handiek eta uraren egoera zakarrak norabidea aldatzera behartu ditu antolatzaileak.
Horrela, emakumeak 12:00etan atera dira Perlatik, eta gizonak 12:05ean.
Guztira 650 igerilarik parte hartu dute zeharkaldian, eta emakumeak geroz eta gehiago animatu direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Irati Mendia izan da emakumeetan azkarrena eta helmugara iristen lehen igerilaria, 40,52 minutuko denbora eginda. Gizonen artean aldiz,
Ander Arruabarrena izan da txapelduna, 36,18 minutuko denbora eginda.
Igerilariek, Perlatik irten eta antolatzaileek aurretik jarritako bederatzi bola gorri inguratu behar izan dituzte; horrela, irlara abiatu dira lehenik, hura erabat zeharkatu, Ondarretaruntz zuzendu, eta badia osoa zeharkatu dute, berriz ere Perlara iritsiz.
Irati Mendia izan da zeharkaldiko lehen emakumea. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Haurrek zorte hobea izan dute, eta ohiko zeharkaldiari ekin diote 11:00etan. Portutik irten dira neskamutilak denak batera, eta bai lehen neska eta baita lehen mutila ere batera iritsi dira, denbora berdina eginez:
Unai Arruabarrena, Ander Arruabarrena irabazlearen anaia eta
Alba Romero izan dira haurretan txapeldunak, 08:09 minutuko denbora eginda.
Txapelketa amaituta, 14:00etan sari banaketari ekin diote Perla inguruko pasealekuan.