Atzo jaurti zituen suak irabazleak; Epaimahai Gaztearen saria ere irabazi du.
Atzoko su artifizialek irabazi dute aurtengo Urrezko Maskorra. (Argazkia: Lide Ferreira)
Sari bikoitza jaso du Valentziako Europla etxeak, Aste Nagusiko su artifizialen lehiaketako
bi sariak eraman baititu. Alde batetik, Epaimahai Ofizialaren erabakiz, aurtengo
Urrezko Maskorra jaso du, eta bestetik,
Epaimahai Gaztearen saria ere eraman du.
Atzo eskaini zituen Europla etxeak irabazle suertatu diren su artifizialak, eta eguraldiak lagundu ez bazuen ere, indar handiarekin argitu zuten zerua lehen unetik azkenera arte. Euriari aurka egin behar izan zioten, batez ere azken txanpan bota zuen zaparradarekin, baina suek ez zuten indarra galdu.
Hain zuzen ere, Jaietako zinegotzi
Alfonso Gurpegik egoera horren aurrean egindako lan itzela goraipatu du, eta Europlako ordezkari
Jorge Albusac zoriondu du sari bikoitzarengatik. Albusacek eskerrak eman dizkie epaileei eta zinegotziari. Datorren urtean berriro lehiatuko direla ere adierazi du su artifizialen etxeko ordezkariak.
Bigarren postua erabakitzeko zailtasunak izan ditu epaimahaiak, eta azkenean bi etxeri eman die saria: Valentziako
Pirotecnia Valenciana etxeari (lehen egunean eskaini zituzten suak) eta Italiako
Parente Fireworks etxeari (astearteko suak izan ziren). Epaimahaiak aurtengo lehiakideen kalitatea nabarmendu du.