Sagarra Jo eta aurtengo lehen muztioa dastatzeko aukera izango da aurten, berritasun moduan.
Larunbateko Sagardo Egunaren egitaraua aurkeztu dute. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Donostiako
XXX. Sagardo eguna ospatuko da larunbat honetan, eta urtero bezala,
35 sagardogilek parte hartuko dute
Konstituzio plazan goiz osoan egingo den jaialdian. Hala,
11:00etatik 14:15etara, Gipuzkoako sagardogileek
8.000 botila sagardo ekarriko dituzte hirira, bertaratzen direnek dastatzeko.
Eguraldi ona lagun, aurtengo sagarra gozoa eta ederra datorrela nabarmendu dute Gizpukoako Sagardogileen Elkarteko lehendakari
Arantxa Eguskizak eta lehendakariorde
Ibon Aburuzak. Jaialdia aurkeztu dute Festetako zinegotzi
Alfonso Gurpegirekin batera.
Euskal Jaiei hasiera emango die Sagardo Egunak. Festaren gune nagusia izango den Konstituzio plazan, inguruko beste hainbat produktu eskainiko dituzte, sagardoarekin batera. Berritasunak ere egongo dira, izan ere,
Sagarra Jo eta aurtengo lehen muztioa dastatzeko aukera eskainiko baitute. Eguskizaren esanetan, berezia izango da jarduera: “Sagardogintzak atzean duen lan eta kultura jendeari erakutsi nahi diogu, eta kontsumitzaileei aurtengo muzitoa dastatzeko aukera eman”.
Bestalde,
sagar mota bakarrez egindako sagardoak dastatu ahal izango dira plazan, eta Gipuzkoako sagarren inguruan
EHUk egin duen ikerketaren emaitzak erakutsiko dituzte.
Josu Osa adituak sagarrondoen txertaketa erakusketak egingo ditu, eta
Albaola faktoriak berriz, sagardoak itsasoan izan duen garrantziaz informazioa eskainiko du. Sagardoarekin batera, sagardotegietan ohikoak diren bakailao tortila, txorizo egosia eta gazta dastatzeko aukera ere izango da.
Gainera, Sagardogile Elkarteak
Abaltsizketako Zalbide sagardotegiko Joxe Martin Zalbide eta
Usurbilgo Aginaga sagardotegiko Miguel Joxe Errasti omenduko ditu plazako oholtzan, 12:45ean. Omenaldian Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolariek parte hartuko dute.
Sagar gozoan aurtengo denboraldian
Aburuzaren esanetan, aurten gozoa dator sagarra, eta beraz, datorren denboraldiko sagardoak
6,5 graduko alkohol kopurua izango du, ohikoa baino gradu bat gehiago: “Albiste ona da, edaterako orduan kontu gehiago eduki beharko dugun arren. Aurten uzta ederra eta kalitatekoa dator, eta gutxienez
10 mila kilo sagar jasotzea espero dugu irailetik urri amaiera arte”. Uzta ona bada, sagardoaren
%60-80 bertako sagarrekin osatuko dute Alburuzaren arabera.
Hain zuzen ere, larunbateko Sagardo Egunean bi motako sagardoak dastatzeko aukera izango dute bertaratuek; bata %100 bertako sagarrekin egindakoa, Eusko Label zigilua daramatenak, eta bestea, bertak gehi kanpoko sagarra nahastua dakarrena. Azken hau batez ere iazko produkzioa omen da, uzta ez zelako oparoa izan.