Zuzi martxa egingo dute hilaren 11n, 1813ko gertakarien harira
Hilaren 5ean egitekoak ziren, baina Euskal Jaiak direla eta hurrengo astean egingo dute.
Donostia Sutan 1813-2013 Elkarteak irailaren 11n (21:00) egingo du zuzi martxa edo Urgulletik jaitsiera. 1813ko abuztuko gertakariak gogora ekartzeko ekitaldietako bat da. Soldadu frantsesak errenditu zirenean, armekin desfilatzen atera ziren Donostiatik. Herritarrak, ordea, sarraskia jasan ondoren etxerik gabe eta ezer gabe geratu ziren: “Donostia Sutan elkarteak ekitaldi honen bidez adierazi nahi du zer tratu desberdin jaso zuten armada frantseseko soldaduek eta donostiar herritarrek”, azaldu du Jexux Arrizabalaga elkarteko kideak. Aurreko bi urteetan ere egin dute ekitaldi bera. Lehena Donostiako Piraten ekimenez egin zuten.
Irailaren 5ean egitekoak ziren zuzi martxa, baina Euskal Jaiak direla eta, udaletik eskatu diote egun horretan ez egiteko. Hurrengo astean egin nahi dute, irailaren 11n. Laster zehaztuko dute data berria.
Joan den astean musika eta literatur errezitaldi berezia egin zuten San Jeronimo kaleko udal liburutegiaren ekitaldi aretoan. Fito Rodriguezek, Edorta Muruak eta Antonio Casadok parte hartu zuten. Asteburuan antzerki ibiltari batekin oroitu zuten 1813ko uda hura. Erakutsi zuten egun hartan ez zuela hiriak su hartu besterik gabe, herritarrek soldadu ingeles eta portugaldarren sarraski ikaragarria sufritu zutela.