'Atapuerca eta euskaldunak'
Indusketa leku horretan aurkitutako arrastoen interpretazioek Nabarralderen tesi nagusia indartu egin dute. Hau da: Iruñea-Nafarroako erresuma (Atapuercaraino iristen zena), baskoien habitat naturalaren barrutietan eraiki zen, ez zen konkistarik izan baskoien aldetik. Proceedings of the National Academy of Sciences of the USA aldizkariak dionez Atapuercako (orain, Burgos, Espainia) nekazari-artzainen genomek erakutsi dute orain dela 5.000 urteko eta egungo euskaldunen arteko ezaugarri genetikoen lotura. Baskoiak ginela denok alegia.
Dokumentatua dago Antso III.a Nagusiaren garaian (1004-1035) mendebaldeko lurralde horiek erresumakoak zirela, politikoki nafarrak ginela alegia. Dokumentatua dago Gaztela-Leongo ejertzitoak 1054an, bertan jokatu zen batailan, Atapuerka eta Oka mendien arteko nafar lurrak inbaditu zituztela. Ez dago frogatzerik aurreko gizaki haiek euskaraz mintzo ziren ala ez, baina guztiz ezinezkoa dena da konkistaren aurretik gaztelaniaz egitea, ez baitzen existitzen. Gehienez ere erromantze nafarra hitz egingo zuten. Gaztelania oso berantiarra baita. Garai horretan hasi zen.
Beñi Agirre, Euskara irakaslea