Dandai emakumeen elkartea izanda aurtengo omendua. Agenda zabala eta anitza osatu duela dio Jai Batzordeak, «egiatar garenok eta ez direnek gozatzeko».
Haurrek pozik egin zuten jaitsiera,urtero legez. (Argazkia: Estitxu Zabala)
«Bada mundurik Tabakaleraz gorago, hemen dira Porrontxo jaiak!». Egiako jai batzordeak halaxe plazaratu du aurtengo porrontxo jaien egitaraua. Ofizialki atzo arratsaldean hasi zituzten festak egiatarrek. Zehazki, Haurren Jaitsiera egin zuten 17:30ean, Porrontxina eta Porrontxo, buruhandiak eta Lagunak txarangarekin; ondoren, 20:00etan,txupina botatzekoak ziren Txondorra elkartearen atzealdean, eta Kuadrillen Jaitsierari ekin behar zioten jarraian. Bai, jaitsiera, aurten Kuadrillen Igoera egin beharrean,
maldan behera hasi behar baitzituzten jaiak, haurrek egiten duten moduan.
Aurten auzoko Dandai Emakumeen Elkartea zuen txupina botatzeko ardura, baita festetako pregoia irakurtzekoa ere. 2002. urteaz geroztik, emakumeen topagune izan da Dandai, eta hamaika jardueraren bultzatzailea.
Egun handia iritsi bitartean, ordea, haurrentzako jarduera mordoa egin zituzten arratsaldero, eta datozen egunetarako ere jardueraz betea dute egitaraua. Hala, Porrontxo jaiek «agenda zabala eta anitza» dutela esan dute antolatzaileek, eta azpimarratu dute egiatarren artean batzarretan adostu dutela egitaraua, «egiatar garenok eta ez direnek gozatzeko».
Asteburua, jarduerez lepo
Gazteek gaur ospatuko dute Gazte Eguna.Iazkoarrakastaren ondoren, aurten ere goitibeherak abiatuko dira Polloeko aldapan behera. Iluntzean, kuadrilla beteranoek afaria egingo dute Tejerian.
Musikaz gozatzeko aukera ere izango dute jaizaleek: Telmo Trenor,Tajon Prietoy Los Kuajalotes, Trakets, Right Eous Way, Izeberg, Ezustean, Wha Wha Buga Band… Eta musika ibiltaria ere bai, Bolinga Monster Truck, Rock Kam Broom eta txarangekin. Larunbat iluntzean Porrontxo jaietako XVIII. Herri Krosa egingo dute.Igandean sagardo dastaketa egingo dute Plaza Haundin. Egiako gastronomia elkarteek antolatutako bazkaria prestatuko dute eta sardina jatea egingo dute.
Porrontxo jaietan eraso sexisten aurkako protokoloa abian jarriko dutela adierazi dute: «Edonork du tokia Porrontxo jaietan. Edonork, jai giroa zapuztera datozenek izan ezik. Ez Egian ez beste inon, ez festetan ez beste inoiz, ez dugu jarrera sexistarik onartzen».Hala,joan den astearte arratsaldean, kuadrillek agerraldia egingo zuten Plaza Haundin, «inoiz baino ozenago esate-
ko, erasotzailearen sudurra moztu».