Berrikuntzaren arloko enpresak dira guztiak; momentuz 14 dira, eta bakoitzak 3.000 euroko ekarpena egingo du.
DSSINNOVA 2016 osatu duten enpresetako ordezkariak udaletxean izan dira gaur. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udal ordezkarien arabera, denbora aurrera doan heinean kultur hiriburutza gero eta babes zabalagoa jasotzen ari da. Gaurkoan, hiriko eta Gipuzkoako hainbat enpresen txanda izan da. Izan ere, berrikuntzaren arloko 14 enpresak bat egin dute eta
DSSINNOVA 2016 sortu dute, sarean lan egiteko.
Enpresa bakoitzak gutxienez 3.000 euroko ekarpena egingo dio kultur hiriburutzari, eta norbere arloko ideia eta esperientziak ere partekatuko dituzte. Trukean, enpresa sarea osatzen duten enpresek ikusgarritasuna lortuko dute, Donostia 2016ren babesle globalak bihurtuko baitira, eta DSSINNOVA 2016ren logoa leku nabarmen batean agertuko da hiriburutzaren jardueren baitan sortuko diren komunikazio euskarri guztietan.
Momentuz 14 dira sarea osatuko duten enpresak, baina gehiago nahi dituzte. Hala adierazi du Ernesto Gasco, Ekonomia Sustapeneko zinegotziak. Bere hitzetan, “erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana funtsezkoa da, eta seguru gaude enpresa gehiago erakarriko ditugula”.
Zentzu horretan, Pablo Berastegi, Hiriburutza bulegoko zuzendari nagusiak adierazi du enpresa txiki eta ertainak direla nagusi hirian eta baita Gipuzkoan ere; “ekonomiaren bizkarrezurra” direla esan du. Horregatik, DSSINNOVA 2016k enpresa horiei guztiei, “hiriari, lurraldeari eta garapen proiektu bati bultzada eta babesa emateko” atea zabalduko diela esan du, eta parte hartzeko gonbita luzatu du.
Enpresa sarean parte hartu nahi duten enpresa edo eragileek bi bide dituzte. Gipuzkoarrak badira,
Sustapen sailaren bitartez, (
fomentoss@donostia.eus / 943482800). Eta bestela,
Donostia 2016 Fundazioaren bitartez (
innova@dss2016.eu).