Saltoki txikien etorkizuna bermatu nahi du Bilduk
Garbera handitzeko baimenak sortu die kezka.
Garberako epaia izan dute gogoan Bilduko zinegotziek eta Illunben merkataritza gune bat egiteko aukera ere mahai gainean dagoenez, euren kezka agertu dute. Saltoki txikien etorkizuna bermatu nahi dutela adierazi dute. Horregatik, alkatearen agerraldi bat eskatu dute merkataritzaren inguruko hiri ereduaren berri eman dezan.
EH Bildu kezkatuta dago Espainiako Auzitegi Gorenak merkataritza gune handien inguruan hartutako erabakiarekin. Orain arte 25 mila metro kuadroko muga zuten, baina hemendik aurrera ez dute handitzeko mugarik izango. Amaia Almirall eta Ricardo Burutaran Bilduko zinegotzien arabera, erabaki horrek, “larriki” eragin dezake saltoki txikiengan.
Horregatik, udal gobernuaren jarrera ezagutu nahi dute. Burutaranen esanetan, “udal gobernuari dagokio epaia interpretatzea eta baimenak ematea, beraz, ikusiko dugu zein den Donostiarako nahi duten hiri eredua“.