"Lore eta landareen inguruko ezagutza sustatu nahi dugu"
Katalunia plazako Dekolore natur azoka lore eta landare ekoizle eta artisauen topaleku bilakatu da; hamabi salmenta-postutan banatuko dute euren eskaintza bihar.
Hileko bigarren larunbatero bezala, bihar egingo dute lore eta landare azoka Katalunia plazan, Grosen. Ekoizleak kezkatuta daude, sektorea behera doalako, eta Dekolore elkartea sortu dute, bultzada emateko. Juantxo Pollacino da elkarteko presidentea, eta gertutik ezagutzen du landareen mundua, urteak baitaramatza etxeko hazitegian lanean.
Zer da Dekolore elkartea?
Lore eta landare ekoizleak eta landareak oinarri dituzten artisauak biltzen dituen elkarte bat da. Apirilean sortu genuen eta gure lanari sendotasuna eta nortasuna ematea du helburu. Azoka soil bat baino gehiago izan nahi dugu, baina horretarako baliabideak behar ditugu, eta guztiok elkarrekin lan eginda errazagoa da aurrera egitea.
Zenbat bazkide dituzue?
Momentuz hamaika bazkide gara. Guztiok landareak ditugu oinarrian, baina oso alor ezberdinak jorratzen ditugu. Hazitegietako ekoizleak gara asko, bitxigileak, xaboigileak, sendabelarrak edo sendabelarrekin egindako kosmetika produktuak egiten dituztenak… nahiko talde anitza gara.
Bazkide berriak hartuko dituzue, ala talde itxia da?
Ez, ez, bazkide berriak behar ditugu, noski. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobe. Elkarren osagarri izango ginateke, baina hazitegiak edo landare naturalen ekoizleak elkartzea litzateke helburua, azokak indarra har dezan; azken finean, landare naturalen ezagutza eta kontsumoa delako sustatu nahi duguna.
Eta zergatik sentitu duzue elkarte bat sortzeko beharra, hain gaizki al dago landareen sektorea?
Bai, azokek ez dute bizitzeko adina ematen. Urteak dira landare ekoizleok elkarrekin lan egiten dugula. Neurri batean lehiakideak gara, baina banaka ez goaz inora. Behemendi landa garapenerako elkarteak ere laguntza handia ematen digu. Baina ez da krisi kontua bakarrik. Kontsumo ohiturak aldatuz doaz, eta, orokorrean, landareen inguruko ezagutza oso txikia da.
Groseko landare azokak badu, ordea, egutegian leku finko bat. Nolakoa da egoera?
Nahiko egoera ona da; ia bost urte badira azoka egiten hasi ginela, baina bultzada bat emateko garaia dela uste dugu. Horregatik, elkartea sortzearekin batera izena ere jarri diogu Groseko azokari: Dekolore natur azoka da orain. Izan ere, lore eta landare azoka soil bat izatetik topaleku bat izatera pasa nahi dugu; sektoreko profesionalak eta artisauak biltzen dituen topaleku bat, baina era berean, herritarrengana ere heldu nahi dugu. Lore eta landareen inguruko ezagutza sustatu nahi dugu herritarren artean.
Zer egiteko asmoa duzue horretarako?
Hileroko hitzorduari eutsiko diogu, noski. Baina elkarte gisa hitzaldiak antolatu nahi ditugu, jarduerak, ikastaroak, puntukako azoka bereziak… Ideia ugari ditugu; gogoa ere bai, handia, baina baliabideak falta zaizkigu. Hala ere, pixkanaka elkartearen jarduna sendotzea espero dugu. Horrek norbere alorrean espezializatzeko aukera emango digu eta eskaintza ere aberatsagoa izango da horrela.
Zure postuan zer topatuko dugu?
Nik hazitegi bat daukat Errenterian; Landarbaso hazitegia. Garaiko landareak eta apaingarriak ekoizten ditut, kaktus eta krasak, aloe vera bezalakoak. Normalean jendeak ez du jakiten nola zaindu, baina ezjakintasun hori orokorra da. Horregatik dira hain garrantzitsuak Dekolore natur azoka bezalako topalekuak. Herritarrek zuzenean hitz egin dezaketelako ekoizleekin.
Antzinatik sendabelarren kultura oso hedatua egon da Euskal Herrian. Orain, ordea, landareen inguruko ezagutza galtzen ari dela uste duzu?
Nire ustez, bai. Orokorrean, landareak ezagutu, zaindu eta erabiltzeko kulturarik ez da sumatzen herritarren artean. Landareekiko errespetua falta da. Eta gazteen artean are nabariagoa da hutsune hori. Eta sendabelarren kasuan ere antzerako zerbait gertatzen da. Inor gutxik egiten ditu produktuak etxean gure amonek egiten zuten bezala. Guztia egina jasotzen ohituak gaude.
Zer aurki dezakegu zehazki Katalunia plazan bihar?
Eskaintza anitza da. Postu batzuk finkoak dira, hilero etortzen direnak, eta beste batzuk txandakatu egiten dira. Dena dela, normalean lauzpabost ekoizle elkartzen gara. Etxe barneko landareak, kanpokoak edo apaingarriak eskaintzeko. Sukaldaritzan erabiltzeko belarrak, belar usaintsuak eta sendabelarrak ere ugari izaten ditugu, eta baita horiekin egindako krema edo sendagaiak ere. Beren lanetan landareak erabiltzen dituzten artisauak ere beste hainbeste dira. Tartean Leire Rodriguez uliatarra, lore eta hosto naturalekin bitxiak egiten dituena. Kakorratz lanak egiten dituen artisau bat ere bada; loreekin apaingarriak egiten dituena; edo Maribi Anton, hau ere donostiarra, lore prentsatuekin koadroak edo bestelako elementuak sortzen dituena. Eta haurrentzako tailerrak ere egiten ditugu. Landareak ezagutu, ukitu eta zaintzen ikastekoaukera eskainiz. Azken finean landareen inguruko kultura eta zaletasuna sustatu nahi dugu gaztetxoen artean ere. Lore eta landare artean goiza igarotzeko aukera polita da.