Altzatarrak Logroñoko espetxea utzi du, Bateragune auzia dela eta azken sei urteak preso egon ondoren.
Arkaitz Rodriguez, Logroñoko espetxetik irten berritan.
Bizitzako sei urte lapurtu egin dizkiotela adierazi arren, Bobby Sands gogora ekarriz, “gure seme-alaben irribarrea izango da gure mendekua”, adierazi du
Arkaitz Rodriguezek Logroñoko espetxetik irtetean.
Irteeran gogora ekarri du bere eta beste lau kideren espetxeratzea “ezker abertzalearen estrategia aldaketa eteteko” izan zela. Hala ere, azpimarratu du “ez dutela lortuko Euskal Herriak independentzia lortzea”.
Rodriguezek argi du Euskal Herriak
Kataluniako bideari segi ez diezaion dauzkatela euskal presoak kartzeletan; “baina duela sei urte gu espetxeratu gintuztenean lortu ez zuten bezala, orain ere ez dute lortuko prozesu hau galaraztea”.
Orduan hasitako bidea amaitzeko garaia dela dakusa, eta kartzelan bost urtez kide izan duen
Arnaldo Otegik ere mezu bera eman diola adierazi du: “Aldebakarreko apustuarekin jarraitu eta amaitzeko garaia da; askapen prozesua burura eramateko unea da”. Bide horretan, Rodriguezen esanetan, eredugarria da Kataluniako prozesu subiranista.
Sei urteko espetxe zigorra osorik bete ostean irten dira
Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez.
Bateragune auzia-gatik espetxeratu zituzten,
Arnaldo Otegi eta Rafa Diezekin batera, eta sei urteko espetxe zigorra beteta Euskal Herrira itzuliko dira.
Otegi apirilean da espetxetik ateratzekoa, eta Rafa Diez aietearra geroago, 2010eko apirilaren 26an baldintzapean aske utzi baitzuten, “egoera pertsonal-familiarrengatik”. 2011ko irailaren 19an, epaiaren ostean, berriro kartzelatu egin zuten. Ondorioz, Diezek beste laurek baino ia 17 hilabete gutxiago egin ditu espetxean.
Norabide aldaketaren bultzatzaileak
ETAko zuzendaritzako kide izatea leporatu zieten
Bateragune auzian zigortutakoei, eta behin eta berriz argudiatu dute ezetz, bakearen alde jardun zirela eta ezker abertzalearen norabide aldaketa bultzatu zutela.
Epaiketan une surrealistak bizi izan ziren, baina bertan garbi utzi zuten auzipetuek ezker abertzalearen estrategia aldatzeko lanean ari zirela atxilotu zituztenean. Rafa Diezek estrategia aldatzeko beharra zegoela esaten zuela deklaratu zuten zenbait lekukok. Eta perituetako batek ere aitortu zuen eztabaidaren sustatzaileek ETAren gidoia ez zutela bete. Otegik beraiek hasitako bideari eusteko eskatu zien euskal herritarrei 2011 horretan, ETAren borroka armatua uzten zuela iragarri aurretik. Otegiren hitzak bere eginda, ezker abertzaleak berretsi egin zuen ondoren indarkeria ez dela baliagarria.
Manifestazioa larunbatean
Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta beste euskal presoak aske gera daitezen manifestazioa egingo dute larunbatean, Donostian. Bulebarrean hasiko da martxa, 17:30ean, Otegi, Diez eta beste euskal presoen askatasunaren alde.
Arnaldo askatu, politika askatu izango du leloa.