Uliako parkeko ur biltegietara egindako bisita bat. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Igandean Uliako parkeko ateak irekiko dituzte berriro. Aldian behin bisita gidatuak egiten dituzte, herritarrek hesien atzean dagoena eta errepidetik ikusten ez dena ezagutu dezaten, baina oraingoan egun osoko jaialdia antolatu dute.
Uliako parkea udal mintegia izan zen 2007a arte, eta garai hartako azpiegitura eta tresna ugari gordetzen dituzte oraindik. Udalarena izan arren, eta hirigintza proiektu bat aurreikusita dagoen arren, Uliako auzo elkarteak lanean jarraitzen du parkea erabilgarria izan dadin.
Uliako lore baratzak proiektuari jarraiki, hainbat jarduera egiten dituzte, eta lurrazpian dauden ur biltegiak ezagutarazteko bisita gidatuak ere antoltzen dituzte.
Musika eta landaketak
Etzi goizeko 11:00etan emango diete hasiera udazkeneko jaialdiari. Txiki Foxes natur klubak Musika Horma saioa eskainiko du haurrentzat, eta hauek beren musika taldea osatuko dute hainbat tresna erabiliz.
Eguerdian sasoiko produktuak ezagutuz, babak, ilarrak eta baratxuriak landatuko dituzte hazitegian. Ondoren, bazkari herrikoia egingo dute parkean bertan.
Arratsaldean The Cotton Tails taldeak jazz eta swing estiloko musika eskainiko du negutegi baten barnealdean. Jarraian Uliako Lore Baratzak proiektua azaltzeko bilera irekia egingo dute, 17:30ean. Bitartean haurrekin jolasak egingo ditu Haraino aisialdi taldeak.