Dbus-eko gidarien hizkuntza eskakizuna jaitsi izanari buruz galdetu dio Bilduk alkateari; euskara bermatzeko adostasuna «funtseskoa» dela erantzun du Goiak
Dbus konpainiako autobus batzuk, Bulebarrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Dbus-eko gidariei euskara eskakizuna jaistea onartu zuen autobus konpainiako administrazio kontseiluak duela hilabete, EAJ, PSE-EE, PP, Irabazi Donostia eta UGT sindikatuaren aldeko botoekin. EH Bilduk «atzerapausoaren» zergatiari buruz galdetu zion udal gobernuari, atzoko udalbatzarrean. «Ez dugu ulertzen zer aldatu den», esan zuen koalizioko bozeramaile Amaia Almirallek.
Hain zuzen ere, aurreko legegintzaldian Dbus-eko administrazio kontseiluak euskara ezagutza puntuagarria izatetik derrigorrezkoa izatera aldatzea adostu zuen, eta orain meritua izango da berriro, ez eskakizuna. Udalbatzarrean, Eneko Goia alkateak gogora ekarri zuen gauza asko gertatu direla orduz geroztik; afera epaitegietan bukatzea, tartean. Alkateak azaldu zuen adostuna ezinbestekoa dela euskara bermatzeko, eta ez litzatekeela erabaki ona izango derrigorrezkoa izatea langile, enpresa eta komitearen babesik gabe: «Nahiago nuke besterik, baina erabakiak adostasunez hartzea funtseskoa da», berretsi zuen.
Hori esanda, nabarmendu zuen Dbus lanean ari dela euskara bermatzeko, eta jakinarazi zuen hurrengo deialdian euskara eskakizuna «gidarien %60entzat izango dela; hurrengoan, %65entzat; eta hurrengoan, %70entzat». Alkatearen hitzetan, «une honetan gidarien %55ek ez dakite euskaraz, eta %45ek hitz egiten dute». Hortaz, datu horiek oinarri, egoerak hobera egingo duela adierazi zuen.
Almirallek, bere aldetik, salatu zuen Euskararen Plana eta udal gobernuak legegintzaldirako agindutako asmoak ez dituela betetzen erabakiak: «Gidariek banaka lan egiten dute; hortaz, portzentaiak ezartzeak ez du logikarik». Idazkariak berak hizkuntza eskubideak urratzen direla onartu zuela ekarri zuen gogora, eta euskaldunak berriro «bigarren mailan» geratu direla kritikatu zuen. «Gidariek good morning edo bonjour esaten jakingo dute 2016an, baina agian ez dakite ‘egunon’ esaten», erantsi zuen Bilduko bozeramaileak.
Zezenketak eztabaidagai
Euskara ez ezik, zezenketak ere oso presente egon ziren atzoko udalbatzarrean. EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen animalien tratu txarraren aurka, eta horrek zezenketen eztabaida piztu zuen berriro. Aurretik, Ogasun Batzordeari zegozkion gaietan, Illunbe alokatzeko prezio publikoak aldazeko proposamen arrunta aurkeztu zuen Irabazi Donostiak, bere bozeramaile Amaia Martinen eskutik. Proposamenaren azalpenean, Martinek datu esanguratsu baten berri eman zuen; zezenketak egitea beste edozein jarduera baino merkeagoa dela Illunben.
Hain justu, Aste Nagusian, bost egunez jarraian zezenketak antolatzeak 25.000 euro inguru balio du, BEZ-a kontutan hartu gabe. Illunben beste edozein jarduera antolatuz gero, bost egunez jarraian ere, 35.000 euro ordainduko lituzkete, udako tarifak ezarriko zitzaizkiolako; eta egun solteetan izanez gero, bost egunez ere, 43.000 euro ordainduko lituzkete, beti ere BEZ-a kontutan hartu gabe.
Zezenketekin alderatuta, beste jarduera batek 9.500-18.000 euro gehiago ordainduko lituzkeela ohartarazi zuen Irabazi Donostiak. «Zezenketek diru laguntza jasotzen dutela ondorioztatu egiten du honek», adierazi zuen Martinek.
Gaiarekin lotuta, Donostia Antitaurina Orain plataformak, Donostiako Herri Partaidetzarako Arau Organikoaren eta Hiritar Kontsulten araudiaren barruan, zezenketei buruzko kontsultarako hiritarren ekimena aurkeztuko du gaur, alkateak eta Kontsulten Organo Izapidegileak aztertu dezaten.
Plataformak herri kontsultaren erregistroa 11:00etan egingo du, udaletxean. Ondoren, agerraldi bat egingo du herri kontsultara deitzeko eskakizuna egitera bultzatu dituen arrazoien berri emateko.
Udalak Segoviako kartzelako zuzendariarekin hitz egingo du
Jon Enparantza presoaren egoera salatzeko mozio bateratua aurkeztu zuten atzo EH Bilduk, EAJk eta Irabazi Donostiak. Proposamenak aurrera egin zuen hiru alderdi horien botoei esker. PSE-EE abstenitu egin zen, eta PPk kontra bozkatu zuen.
Enparantzak urte eta bederatzi hilabete darama isolamenduan, eta Segoviako kartzelan dago antiguatarra, Euskal Herritik 400 kilometrora. Mozioaren bidez, espetxe horretako zuzendariarekin hitz egiteko konpromisoa hartu du udalak.