Hil honetako udal batzordeetan aurkeztuko dizkio udal gobernuari; Altzan hilaren 28an izango dira, auzo guztietako bizilagunen proposamenak bildu nahi ditu.
Irudian, Irabazi Donostia-ko Amaia Martin. Intxaurrondotarren proposamenak jaso eta mapa batean seinalatuta erakutsi ditu. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Auzo guztietako bizilagunen proposamenak bildu nahi ditu
Irabazi Donostia-k. Herritarren parte hartzea sustatzeko eta auzoak biziberritu eta hobetzeko bide egokia delakoan daude.
Joan den urriaren 24an Intxaurrondon izan ziren,
Sagastieder plazan. Auzotarrei auzoa hobetzeko proposamenak eskatu zizkieten. Prentsaurreko batean aletu dituzte auzotarren eskatu dituzten aldaketak.
Mugikortasuna eta
espazio publikoari buruzkoak dira gehienak. Otxoki, Zarategi eta Mons pasealekuetan
gehiegizko abiadura dagoela uste dute, eta autoen abiadura mantsotzeko semaforoak eta bestelako neurriak hartzeko eskatu dute. Otxoki pasealekuaren biribilgunearen inguruan zirkulazio dentsitate handiegia dagoela adierazi dute, eta
Donostiako bariantera bi sarrera berri jartzea proposatu dute – Julimasenen eta Marrutxipin-. Modu honetan beste auzoetarako sarbidea erraztuko delakoan daude – hiriaren erdialdea zeharkatu gabe-.
Renferen trenbideak lurpetik joatea eta Pablo Sorozabal plazan
Dbizi-ren geltoki berri bat jartzea dira beste proposamenetako batzuk.
Euria egiten duen egunetarako Sagastieder plaza estali ahal izateko egitura bat egitea eskatu dute, haurrek eguraldi txarra egiten duenean ere parkea erabili ahal izateko. Hobekuntzak kiroldegiaren inguruko espaloietan, eta
Ametzaigaina parkea Egiako parkearekin lotzea.
Udal gobernuari galderen bidez bideratuko dizkiote proposamen hauek, jakiteko ezagutzen dituzten, eta bestetik ezer egitea pentsatuta al duten. Galdera hauek hil honetako komisioetan egingo dituzte. Udal gobernuak abian jarri baditu, jarraipena egingo dute. Bestela, iniziatiba gisa proposatuko dituzte.
Proposamen gehiago jasotzen jarraituko du Irabazi Donostia-k, eta auzoz auzo joateko asmoa du.
Hilaren 28an Altzan izango da.