'40 urte nahikoak dira'
Azaroaren 14an, lau hamarkada beteko dira Madrilgo Hirualdeko Hitzarmena sinatu zenetik. Horren bidez, diktadura frankistak Mendebaldeko Sahara utzi zuen beste bi tirania gaitzesgarriren esku: Mauritaniakoa eta Marokokoa. Azken egintza horren bitartez, erregimenak beste berrogei urte amaiezinetan suspertutako miseria politiko zein intelektuala berretsi zuen atzerriko politika frankistak. Izan ere, nazioarteko legezkotasunaren oinarrizko nozioak eta bere edukitza kolonialaren deskolonizazioan zeuzkan erantzukizunak alde batera utzita eta etikaren zein gizatasunaren edozein zantzu zapalduta, Espainiako erresumako atzerri-politikaren arloan benetan zegoen estatu-itun bakarra ireki zuen erregimen frankistak.
Harrezkero, Espainiako elite politiko eta ekonomikoek eztabaida bizi kosmetikoak edo ez hain kosmetikoak (eztabaidak, azken batean) izan dituzte zenbait gairi buruz: NATOko kidetza, Amerika Latinoa, Mediterraneoko herrialdeekiko harremanak, alderdi anitzeko misioetako partaidetza… Hala ere, berrogei urteotan ez dute inoiz arraila txikiena ere erakutsi Mendebaldeko Sahararen inguruan duten jarreran.
Jarrera horrek, hain zuzen ere, arduragabekeria eta koldarkeria izan ditu ezaugarri bereizgarri, baita Saharako herriak bere etorkizunari buruz zer borondate demokratiko daukan adierazteko aukera sinesgarritasunez nahiz erabakigarritasunez sustatzeko borondate-falta ere. Prozesu hori behar den moduan amaitu dadin, autodeterminaziorako erreferenduma egin beharra dago Nazio Batuetako Batzar Nagusiak emandako 1415. Ebazpenaren arabera eta ACNURek egindako errolda kontuan hartuta. Horrez gain, Espainiako erresumak akats historiko hori aitortu eta zuzendu egin behar du, eta nazioarteko legezkotasuna bete behar du.
Edonola ere, Espainiako atzerri-politikako arduradunak, epealdi demokratikoan bertan ere, tematiak bezain itsuak izan direnez, are urrunago daude nazioarteak bakeari eusteko ezarritako printzipio gidarietatik. Tiranien arteko itun erdeinagarri horren aurrean erakutsitako erabateko isiltasuna alde batera utzita, Marokoko erresumarekiko harremanak etengabe areagotu dira, eta ez da inolaz ere Mendebaldeko Saharako legearen kontrako okupazioko errealitatea kontuan hartu, ezta Europar Batasunarekin hitzarmenak sinatzen dituzten herrialde guztiek giza eskubideak errespetatzeko bete behar dituzten klausulak ere.
Nabarmendu egin beharra dago Gurutze Santuaren Jauregian harrian grabatutako estatu-itun horrek zabarkeria politikoa eta nazioarteko elkarbizitzarako oinarrizko arauen gaitzespena ezkutatu dituela eta, horrez gain, Mendebaldeko Sahara okupatuko giza eskubideen urraketak baimentzeko eta sustatzeko tresna ere badela. Estatu espainola Mendebaldeko Saharako “potentzia administratzailea” da (izan ere, ez du Nazio Batuen Erakundeak bere ebazpenen arabera deskolonizatzeko emandako agindua bete, eta ageri-agerikoa da lurraldea bertako biztanleen borondatea kontuan hartu gabe banatzeko hitzarmenak legearen aurkakoak direla), eta ez du ezertxo ere egin arlo horretan. Hori dela eta, balio eskerga daukan abala da Marokoko potentzia okupatzaileak banakako eta taldeko eskubideak aldarrikatzen dituzten sahararrei erasotzeko garatutako torturetarako, desagerpenetarako eta bortxaketetarako.
Valle Inclanek eta Katuaren kalexkako ispiluek baino ezin izango zuten irudikatu 2015ean hitzarmen horiek indarrean jarraituko zutenik de facto. Ispilu desitxuratzailearen antzeko estatu-itun hori 40 urteko diktaduraren aztarna da, eta 40 urte daramatza indarrean. Estatu-itun horrek ez du errealitatearen irudia desitxuratzen, galbideratu eta prostituitu egiten duelako eta inolako etikarik, legezkotasunik eta arrazionaltasunik gabe uzten duelako.
Beharrezkoa eta premiazkoa da gizarte-erakundeok estatu espainoleko Gorte Nagusietan ordezkaritza duten indar politikoei eskatzea ahal duten guztia egin dezatela estatu-itun hori hausteko, 40 urte nahikoak dira-eta.
Akats historiko hori aitortzeko eta Madrilgo Hirualdeko Hitzarmena salatzeko eskatu beharra dago ezinbestean. Horretarako, hurrengo legealdian hautesten duten arku parlamentarioak botere betearazleari eskatu beharko dio Nazio Batuetan bertan zentzugabekeria juridiko hori salatzeko. Ondoren, 2016an Espainia erakunde horretako Segurtasun Kontseiluan egongo denez, behar besteko mekanismo legal eta politikoak ezarri beharko dira, Mendebaldeko Saharan autodeterminaziorako erreferenduma egin ahal izateko.
Saharako Herriarekiko Elkartasunerako Nazioarteko Konferentzia (EUCOCO) azaroaren 13an eta 14an batzartuko da Madrilen, eta, aukeratutako egunaren zein lekuaren karga sinboliko eta historikoagatik, aukera paregabea eskainiko du abenduaren 20ko hauteskundeetarako hautagaiek konpromiso hori jendaurrean hartu dezaten.
Estatu espainoleko botereek aukera historikoa daukate legearen kontrako estatu-itun ustel hori behin betiko hausteko, herri osoa zigortzen duen ispilu desitxuratzaile hori apurtzeko eta Mendebaldeko Saharako Deskolonizazioaren Aldeko beste Estatu Itun baterako konpromisoa hartzeko, 40 urte nahikoak dira-eta.
Antonio Jose Montoro, Mundubat