Abestiak, ipuinak eta marrazkiak izan dira ‘Halabazan.eus’ ipuin kontalari taldearen saioaren oinarria; azalen erakusketa Egiara iritsi da, gaztetxoei zuzendutako jarduerarekin batera.
Egiako Garraxi jatetxean egin zuten saioa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Irutxuloko Hitzak Parte Zaharrean inauguratu zuen bere sorreraren 10. urtemugaren harira egindako azalen erakusketa, Rekalde tabernan. Joseba B. Lenoir Gang & lagunek urtemugaren festan Lugaritz kultur etxean eman zuten kontzertuan ere izan ziren ikusgai, aretoa azalekin apaindu eta gero. Orain Egiara heldu da, atzoz geroztik.
Garraxi jatetxeko paretetan zintzilikatuta daude tokiko hedabidearen ibilbidearen momentu desberdinak, eta hiriko albiste esaguratsuenak islatzen dituzten azalak.
Bilduma modu berezi batean aurkeztu zuten atzo. Hala, Parte Zaharrean eta Lugaritzen egin bezala, Egian ere ekitaldi bat antolatu zuten. Hain zuzen ere, Halabazan.eus ipuin kontalariek haurrentzako doako emanaldi bat egin zuten arratsaldean. Aitziber Sampedro eta Ander Edo gazteek osatzen dute ipuin kontalarien taldea, eta, euren saioarekin, urtemuga haurrekin ospatzeko aukera izan zuen Irutxuloko Hitzak.
Hainbat albiste
Abestiak, ipuinak eta marrazkiak uztartu zituzten ipuin kontalariek, euren emanaldian. Donostian gertatutako hainbat albisteri buruz hitz egin zuten, ospakizunetan murgilduta dagoena komunikabide bat dela nabarmentzeko. Besteak beste, Kortxoenea gaztetxea izan zuten gogoan, Hiru txerrikumeak ipuina oinarri hartuta.
Irutxuloko Hitza bezalako herri proiektu bat aurrera ateratzeko beharrezkoa den elkartasuna ere islatu zuten, Nola dastatu ilargia ipuinarekin. Ander Edok ipuina kontatzen zuen bitartean, Aitziber Sampedrok animalia protagonistak marraztu zituen mihise batean.
Itsasoa eta arrauna ere izan zituzten hizpide, eta Donostiako balearen istorioa kontatu zuten une horretan. Aquariumeko sarreran dago balearen hezurdura, bere garaian Getariako portutik ekarri eta gero. Hori gertatu aurretik, liskarrak sortu ziren portuan bertan, Zarautz eta Getariako arrantzaleen artean, talde bakoitzak beretzat jo baitzuen hildako balea. Egunak iraun zuen norgehiagokak, eta epaitegietara eta guzti iritsi zen afera. Azkenean, epaileak zarauztarrei eman zien arrazoia; baina, bi aldeen arteko borroka gertatu bitartean, Getariako portuan usteldu zen balea.
Azkenean, Donostiako Aquariumen bukatu zuen, hezurrak bakarrik berreskuratu ahal izan zituzten arren.
Era berean, ipuin kontalariek haur eta gurasoen arteko elkarrekintza bilatu zuten saioan; horretarako, abestu ere egin zuten. Umorea oso presente egon zen. Ander Edok kazetariaren papera jokatu zuen eta Aitziber Sampedrok, Irutxuloko Hitzaren banatzailearena.