Pianista loiolatarrak ‘9 ganbera pieza’ disko berriko abestiak eskainiko ditu gaur, 20:00etan, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan. Sarrerak 10 eurotan daude salgai.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
«Sen berezia du; seguruenik, musikaren aldera duen jakin-min amaiezina izango da horren iturburua». Joserra Senperenak (Loiola, 1965) hitz ederrak jaso ditu azken aldian; azkenak, Donostia Kulturako agendan irakur daitezkeen horiek, gaur eskainiko duen kontzertuaren harira.
Hain zuzen ere, loiolatarraren emanaldia 20:00etan izango da, Viktoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan,
9 ganbera pieza leloarekin. Horixe da bere azken diskoaren izenburua, hain justu. Elkar disketxeko Anjel Valdesek ere goraipatu du pianistaren lana: «Gizartea mugitu eta itxaropena emateko gaitasuna du». Azken batean, Valdesen hitzetan, hainbat musika estilo bereganatzen ditu Senperenak: «Harrigarria da nola bere talentua hain leku eta modu desberdinetan erakusten duen. Rafa Berrio zein Bide Ertzean taldearekin aritu da, eta azkenean guztiek komunean dutena musikaren lengoaia da».
Diskoa bihotzetik egin nahi zuela esan zuen musikariak lanaren aurkezpenean, joan den apirilean. Kontzertuaren atarian ere askatasun hori aldarrikatu du Senperenak: «Abestiak estilo libre batean idatzi nituen. Egitura, armonia eta erritmoa libreak dira». Hala, berak dio estiloen artean ez duela hesirik ikusi, eta aurreiritzirik gabeko lengoaia erabiltzen saiatu dela: «Melodia izango da protagonista uneoro». Edonola, pop eta euskal folk ukituak nabarituko direla azaldu du Senperenak.
Diskoaren izenburuak dioen moduan, bederatzi ganbera abestik osatzen dute lana, eta, abesti horietaz gain, aurreko diskoko bost abesti ere eskainiko dituzte kontzertuan.
Akordeoiaren ordez, berriz, txeloa erabiliko dute. Guztira, ordubete iraungo du kontzertuak, eta 10 eurotan daude salgai sarrerak. Diskoa osatu zuen musikariekin igoko da eszenatokira: Xabier Gil (biolina), Elena Escalza (txeloa), Jose Miguel Chirivella (klarinetea), Salvador Tudela (tronpa), Francesca R. di Nicola (harpa) eta Karlos Aranzegi (perkusioa).
Hogei urte
Hogei urte pasa dira Senperena pop-rock taldeentzat orkestrarako moldaketak idazten hasi eta orkestra klasikoaren sonoritatean interesa piztu zitzaion garaietatik. Orduz geroztik, bere izenean zazpi disko sinatu eta sei bat film eta hainbat dokumental eta antzezlanetarako konposatu du musika. Hori bai, po-rock musika ez du inoiz bistatik galdu. Talde ezagun askorekin orkestrak grabatu ditu: 21 Japonesas, Duncan Dhu, La Buena Vida, Bide Ertzean, Rafael Berrio eta Fito y los Fitipaldi, besteak beste.
Zinemari dagokionez, Senperenak aurreratu duenez, beste urrats bat egin du aurrera loiolatarrak: Koldo Almandoz zinemagile donostiarrak
9 ganbera pieza diskoko abestiak aukeratu ditu bere film berrirako: Sipo Phantasma. Gainera, pianista berari enkargatu dio Kalebegiak proiekturako osatu duen Narciso film laburrerako musika ere.