Txirrindulariek 263 salaketa jaso dituzte dagoeneko.
Txirrindulari bat, Antiguako Zumalakarregi hiribidean, espaloi gainean. (Argazkia: L. Ferreira)
«Argi dago beharra zegoela; horrenbestez, kanpaina eraginkorra izan dela esan daiteke». Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzi Martin Ibaberen hitzak dira horiek. Hain justu, udalak bizikleta erabiltzaileei zuzendutako kanpainaren lehen balantzea egin du.
Duela hilabete abian jarri zuten kanpaina. Hala, urtea amaitu arte, mugikortasun agenteek isunak jarriko dizkiete espaloietatik eta oinezkoentzako kaleetatik harrapatzen dituzten txirrindulariei. Bada, lehen hilabetean 263 salaketa jarri dituzte dagoeneko.
Auzoei dagokienez, Antiguan (96) eta Grosen (82) izan dira salaketa gehien. «Antiguako Zumalakarregi hiribidea izan da puntu kritikoenetako bat. Bertan, bidegorria luzatu egiten da eta atzeko kaleetatik jarraitzen du, baina txirrindulariek ez diote jaramonik egiten eta espaloietik jarraitzen dute. Antzeko zerbait gertatu da Groseko Mirakruz kalean», azaldu du Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranak.
Erdialdean 36 salaketa jarri dituzte; Amaran, 36; eta Erdialdea-Egian, 13.
Salaketen arrazoiei erreparatuz gero, ia gehienak espaloitik txirrindan joateagatik jarri dituzte (245).
12 salaketa musika entzuteagatik izan dira; 2, sakeleko telefonoarekin gidatzeagatik; beste 2, semaforoa gorrian pasatzeagatik; 1, dagokion zentzuz aurka gidatzeagatik; eta azken 1, agenteen oharrei jaramon ez egiteagatik.
Kanpainaren eraginkortasunarekin pozik azaldu dira bi zinegotziak: «Asteak pasa ahala, geroz eta isun gutxiago jaso dituzte txirrindulariek; beraz, hiritarrak kontzientzia hartzen ari dira, eta elkarbizitzarako ezinbestekoa da hala izatea», nabarmendu du Ibabek.
Salaketen larritasunari dagokionez, lehen hilabeteko balantzeak ez du datu hori jasotzen. Kanpaina aurkeztu zutenean, jakinarazi zuten isun arinak 50 eta 90 euro bitartekoak izango zirela; eta isun larriak,91 eta 300 euro bitartekoak.
SALAKETA KOPURUA – LEHEN HILABETEA
- Antigua. 96, horietatik 92 espaloietatik joateagatik; 1, semaforoa gorrian pasatzeagatik; eta 1, zentzuz kontra gidatzeagatik.
- Gros. 82, horietatik 79 espaloietatik joateagatik; 2, sakeleko telefonoarekin gidatzeagatik; eta 1, entzungailuak erabiltzeagatik.
- Erdialdea. 36, horietatik 31 espaloietatik joateagatik; eta 5, entzungailuak erabiltzeagatik.
- Amara. 36, horietatik 31 espaloietatik joateagatik; 4, entzungailuak erabiltzeagatik; eta 1, semaforoa gorrian pasatzeagatik.
- Erdialdea-Egia. 13, horietatik 12 espaloietatik joateagatik; eta 1, agenteei jaramonik ez egiteagatik.