Axier Jaka: "Inkesta antzuekin herritarrak nahasten ari dira"
Udal gobernuak abian jarri duten galdeketa sistema ez dela egokiena uste du Bilduk. “Inkesta antzuekin herritarrak nahasten ari dira; bi alkateen arteko kontraesanak kudeatu beharko lituzkete”, esan du Jakak. “Bermerik gabeko” galdeketa dela uste dute, eskuorrian ez dutelako balizko bi proiektuen inguruko informazio zehatzik eskaintzen, aurrekontua edo nola geratuko litzatekeen ingurua, esaterako.
Gainera, “inkesta partidista” dela salatu du Jakak, “udal gobernuaren jarrera, hau da, pasabidea estaltzearen aldeko jarrera” agerian geratzen delako. Eskuorrien banaketa edo kontaketa sistema bera ere zalantzan jarri ditu Bilduko ordezkariak.
EH Bilduk Karlos I.aren etorbidearen inguruko mozio bat aurkeztu du biharko udalbatzarrean eztabaidatzeko, eta aukera hori baliatuko dutela iragarri du Jakak udal gobernuari Amara Berrin “benetako kontsulta bat” egiteko prest ote legokeen galdetzeko.
EH Bilduren ustez inkestak tresna baliagarriak izan daitezke, baina kasu honetan, Karlos I.aren etorbideko pasabidearen inguruan “berme guztiak betetzen dituen kontsulta bat” egiteko eskatu dio udal gobernuari. “Auzotarrek lurpeko pasabidearen inguruko proiektuan parte hartzea nahi badute kontsulta bat egin beharko lukete”, esan du Axier Jaka, Bilduko zinegotziak. Horretarako, aurreko legegintzaldian udalbatzak kontsulten araudia onartu zuela gogoratu du Jakak.