Alderdi guztietako ordezkariek irakurri dute erakunde adierazpen bateratua.
Indarkeria matxistaren aurkako erakunde adierazpena irakurri dute udal ordezkariek. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Emakumeenganako Indarkeriaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa eta udal ordezkariek ere “gaitzespenik irmoena” erakutsi dute erakunde adierazpen bat irakurriz udaletxeko harreran.
Eneko Goia alkateak hartu du lehenik hitza. Mota guztietako indarkeria kasuak gaitzetsi dituzte: fisikoak, psikologikoa, sexualak edo sinbolikoak. Era berean, sexismo modu normalizatuenak ere gaitzetsi dituzte: sexuen araberako rol estereotipatuak, edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste.
Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran oinarritzen dela adierazi dute, eta “arazo estruktural” bat denez, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko berdintasun politikak baliatzea ezinbestekoa da. Hala, pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarritu behar dutela aldarrikatu dute. Zentzu horretan,
erakundeen ardura sozial eta politikoa onartu dute.
Hego Euskal Herrian,
indarkeria matxistak nabarmen egin duela gora 2015ean jakinarazi dute. Bortxaketa saiakerak, neska eta emakumeen bizitzaren gaineko kontrolak (kontrol ekonomikoak, fisikoak, sexualak, afektiboak, sozialak, kulturalak); eguneroko jazarpenak (irainak, bazterkeriak, gutxiesteak) eta bestelako erasoak (prekarizazio laborala, enplegurik eza, zaintza lanen karga isila). Eguneroko “mikrobiolentzia barneratuak eta normalizatuak” ugari direla nabarmendu dute jendarte eredu patriarkalaren baitan.
Horrenbestez, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko
jendarte eredua aldatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute. Horregatik,
udalak ondorengo konpromisoak hartu ditu:
- Udalak bere eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egitearen konpromisoa hartzen du.
- Borroka feministarekin daukan konpromisoa berresten du, indarkeriarik gabeko jendarte demokratiko eta burujabea eraikitzeko bide eta tresna gisa.
- Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari dei egiten die, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurrekontu partidak handitu, berdintasun zuzendaritzak indartu, epaitegietako genero unitateak doitu eta legedia errebisatzeko konpromisoa har dezaten.
- Herritarrak berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera deitzen ditu Udalak. Kompromiso hau urteko egun guztietara zabal dezatela eskatzen die. Hala nola, azaroaren 25a dela eta burutuko diren ekitaldietan edo eta gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako ‘Beldur Barik’ izeneko ekimenean.
Azkenik, Donostiako Koordinadora Feministak antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute;
19:00etan abiatuko da manifestazioa Bulebarretik.