Gomendatutako zarata maila urratu egiten da Parte Zaharrean, udalak egindako azterketa baten arabera. Bizilagunek urteak eman dituzte egiaztapen hori salatzen.
San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoan egin zuten bilera. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
«Aste Nagusian gertatutakoa izugarria izan zen. Laugarren solairu batean bizi naiz, eta intsonorizatua dago. Hala ere, zarata guztia entzuten zen, eta etxeak dar-dar egiten zuen. Une bat iristen da ez dakizula zer egin».
Parte Zaharreko bizilagun baten adierazpenak dira horiek, Parte Zaharrean Bizi Auzo elkarteak deitutako bileran egindakoak. Hain zuzen ere, kaleko eta tabernetako zarata bizilagunen arazo nagusienetako bat bilakatu da auzoan. Hori dela eta, udalak sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian, baina, auzotarren esanetan, beste neurri batzuk hartu beharko lituzke arazoari behar bezala heltzeko. Gainera, kanpaina hori gaueko zarata bakarrik hartzen duela kontutan esan zuten, «arazoa egunez ere dugunean; banatzaileekin ez bada, edukiontzietatik beirak jasotzen dituztenean izaten da», azpimarratu zuten.
Hortaz, proposamenak eta ekarpenak jasotzea izan zen auzo elkarteak antolatutako bileraren xedea. San Jeronimo kaleko ekitaldi aretoa lepo bete zuten, joan den ostegunean, auzoan dagoen kezkaren isla. Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko presidente Rafa Azkonak, elkarteko kide Xabier Arberasek eta Ixo plataformako ordezkari Eduardo de la Fuentek hartu zuten hitza, bizilagunen txanda iritsi aurretik.
Laguntza eske
Arberasek aitortu zuen auzoak «arazo potoloa» duela zaratarekin, konponbide «zaila» duena. «Auzo elkarteak ezin du berak bakarrik arazoa konpondu. Auzokideen laguntza behar dugu. Auzoaren paper aktiboa ezinbestekoa dugu, jarraipena, balorazioa eta salaketa egiteko», azaldu zuen.
De la Fuentek adierazi zuen aspaldi hasi zirela zarataren arazoa salatzen, eta horregatik sortu zutela Ixo izeneko plataforma: «Orain, lehen aldiz, azterketa bat dago non esaten den auzoak arazo bat duela zaratarekin. Jakin bagenekien, baina orain modu objektiboan ondorioztatu dute».
Hain justu, udalak azterketa bat enkargatu zuen iaz, zarata maila neurtzeko xedearekin. Hainbat gunetan egin zuten ikerketa, etxeko balkoietan neurgailuak jarrita. Fermin Kalbeton, Kale Nagusia, Narrika, San Bizente, San Jeronimo, Konstituzio plaza eta Arrandegi izan ziren, besteak beste, aztertutako kaleetako batzuk. Azkonak eman zuen emaitzen berri: «Datuek arrazoia eman digute bizilagunei. Ez ginen burutik jota, arazoa salatzen hasi ginenean. Azterketaren arabera, egindako neurketa guztietan gomendatutako zarata maila gainditzen da. Horrenbestez, zaratari dagokionez, Parte Zaharra osasuntsua ez dela ondorioztatu daiteke».
Azterketa egin zuen enpresak gomendio batzuk eman zituen arazoari heltzeko. Horietako bat sentsibilizazio kanpainak egitea izan zen, eta horretan ari da udala. Hala ere, gainontzeko neurriak udalak ez dituela landu ohartarazi zuten Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko lagunek. Terrazak behar bezala arautzeko beharra zen gomendioetako bat, beti ere auzotarren atseden eskubidea lehenesteko helburuarekin. «Lokal bat zegoen lehen, 160 biztanleko; lokal bat dago orain, 25 biztanleko. Gune publikoa gune pribatu bihurtzen ari dira», salatu zuen Arberasek.
Bizilagunen txandan, kexak ez ezik, proposamenak ere egon ziren. Zergak ordaintzeari utzi edo bizilagunek zarataren azterketa etxean izan dezala proposatu zuten, «udaltzainei erakusteko, jaramonik egiten ez diguten bakoitzean».