Mikel Zabalzari buruzko mozioa adostu dute EAJk, EH Bilduk eta Irabazi Donostiak, eta «gertatutakoa argitzeko» eskatu dute. PSE-EE abstenitu egin da, eta PPk aurka bozkatu du.
Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak udaletxearen kanpoaldean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Atzoko egunez, duela 30 urte, Mikel Zabalza atxilotu zuten Altzan. Orbaitzetarra 19 egun geroago aurkitu zuten hilda, Bidasoa ibaian. Urtemugarekin bat, EAJk, EH Bilduk eta Irabazi Donostiak mozio bat aurkeztu zuten atzoko udalbatzarrean, «gertatutakoa argitzeko, erreparazioa eskatzeko eta justizia egiteko». Hiru alderdi horien botoekin egin zuen aurrera.
PSE-EEk abstentzioaren aldeko hautua egin zuen, «biktima guztiak ez aipatzeagatik», Ernesto Gasco bozeramaileak adierazitakoaren arabera. PPk kontra bozkatu zuen. «Hildako guztiei buruzko mozioak ekarri behar baditugu, ez lirateke udalbatzar nahikorik egongo», azaldu zuen PPko bozeramaile Miren Albisturrek.
Gauzak horrela, duela 30 urte gertatutakoa berriro errepikatu zen. Hain zuzen ere, 1985eko abenduaren 6an, Mikel Zabalzaren gorpua oraindik agertu ez zenean, gaia udalbatzarrera eraman zuten. Orduko mozioak Julen Elgorriaga gobernadore zibilarekin biltzea eskatu zuen, Mikel Zabalza kasuari buruzko azalpenak exijitzeko. Bada, PSOEk kontra bozkatu zuen –atzo, abstenitu egin zen– eta PP abstenitu egin zen –atzo, kontra bozkatu zuen–. Odon Elorza eta Gregorio Ordoñez ziren bi alderdi horietako ordezkariak, garai hartan. Hala ere, mozioak aurrera egin zuen, eta orduko alkate Ramon Labaien jeltzaleak hitz egin zuen Elgorriagarekin, beste udal ordezkariekin batera.
Egia helburu
Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak eta nafarraren familia egon ziren atzoko udalbatzarrean; Libe Goñi lehengusina, tartean. Txaloen artean hartu zuten mozioa onartu izana. «Duela 30 urte hartutako erabakia berretsi du udalak, hau da, Mikel Zabalzaren auzian egia lortzeko bidean eragile aktibo izango dela», adierazi zuen Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kide Agustin Rodriguezek.
Garai hartako eta gaur egungo gizarteek ez dutela zalantza izpirik adierazi zuen Rodriguezek, «baina, 30 urteren ondoren, auziari buruzko bertsio ofizialak jasotzen du jasotzen duena. Ez du egia aitortzen, ez da justiziarik egin, ez da erreparaziorik egin. Arrazoi horiek izan dira mozio hau aurkeztera bultzatu gaituztenak, hain zuzen».
Egia ofiziala eta soziala desberdinak direla nabarmendu zuen: «Egia sozialaren taldean sartuko nituzke kontra egin duten alderdiko kideak ere. Denok dakigu zer gertatu zen, haiek ere. Haiek badakite. Eta badakigu haiek badakitela».
Udalbatzarrean «asmo txarrez» egindako adierazpenak egin direla salatu zuen herri ekimeneko ordezkariak: «Esan dute guretzako lehen eta bigarren mailako biktimak daudela. Hori edonork esan dezake. Erabili duten argudioa izan da badirela beste eragile batzuek egindako indarkeriaren ondorioak argitu gabe daudela. ETAk hildako biktimak aipatu ditu, eta haien hilketak argitu gabe daudela, baina hori ezin da egia, justizia eta aitortza eskatzearekin alderatu. Biktima horiek zero minututik biktima gisa aitortu dituzte. Oraindik ofizialki biktima gisa aitortu ez duten kasu batekin ezin dira alderatu».
Mozioak aurrera egin izana albiste ona dela berretsi zuen: «Pozgarria da udalak mozioa onartzearekin hartu duen konpromisoa. Hemendik aurrera ere Altzan sortutako herri ekimenak lanean jarraituko du. Oxigenoa ematen digu lanean jarraitzeko».