Edukiontzi berde bateko hondakinak aztertu eta %96 birziklagarria dela erakutsi dute, errauste plantaren beharrik ez dagoela agerian uzteko.
Zabor poltsak ireki eta hondakinak bereizi zituzten. (Argazkia: Añorga Bizirik)
Añorga Bizirik taldeak deituta, auzoko edukiontzi berde bat hustu zuen añorgatar talde batek, joan den larunbatean. Añorga Txikiko sarreran hustu zituzten hondakinak, eta ondoren, modu egokian sailkatu zituzten. Antolatzaileen arabera, bereizitako zaborraren %4 bakarrik zen errefusa, eta gainontzeko %96, berriz, birziklagarria zen. “Ondorioa argia da: birziklatzen badugu, errauste planta ez da beharrezkoa!”, dio Añorga Bizirik taldeak bidalitako oharrak.
Hondakinak bereizi ostean, bakoitza zegokion edukiontzira bota zuten, eta materia organikoa Añorga Txikiko auzo-konpostagunera eraman zuten, ongarri bihurtzeko. “Azken datuek diote, añorgatarren herenak bakarrik duela edukiontzi marroia irekitzeko txartela. Beraz, banakako konposta edo auzokonposta egiten dutenak ere badaudenez, añorgatarren erdiak baino gehiagok ez duela materia organikoa bereizten esan daiteke”.
Añorga Bizirik taldeak auzoa kontzientziatu nahi du, hainbat daturen bidez: “Lehendik Rezolan daukagunaz gain, Gipuzkoa osoko zaborrak erretzeko errauste planta Zubietan jarri nahi dute. Errekalde edo Belartzatik 3 kilometrora, eta Amassorrain ikastolatik 4 kilometrora. Instalazio horrek, besteak beste, karbono dioxidoa, nitrogeno oxidoak, eta dioxinak sortuko ditu, gure osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak”. Gauzak hala, bakoitzak bere etxean hondakinak bezeri eta hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzeko deia egin du taldeak, errauste plantaren beharrik ez egoteko: “Egin dezagun denok esfortzu txiki bat, anima ditzagun gure lagunak eta gure familia hondakinak gaika ateratzera, guztion ardura baita auzo txukunago bat mundu osasuntsuago batean edukitzea.”