Bizi, irakurri eta gozatu euskaraz!
Irutxuloko Hitzak Euskararen Egunarekin bat egingo du, eta hainbat ekitaldiren jarraipena egingo du.
Euskararen Eguna da gaur, eta guk ere bat egin nahi dugu euskal hizkuntzaren aldeko aldarrikapenarekin. Irutxuloko Hitzak hamar urte bete ditu aurten; hamarkada bat eman dugu tokiko albisteak euskaraz zabaltzen, euskaraz informatzen. Eta urteurrenaren leloak dioen bezala, beste hamar urte ere beteko ditugu!
Urtemugarekin batera astekaria eta webgunearen diseinua berritu dugu, eta gogotsu heldu diogu irakurleen ohitura berrietara egokitzeko erronkari. Gure hemerotekako altxorrak ere berreskuratu ditugu, eta erakusketa ibiltari baten bidez erakutsi ditugu, azken hamar urte hauetako azal esanguratsuenak zuekin partekatzeko.
Eskerrik asko euskararen taupada izateagatik da aurtengo kanpainarako aukeratu duten leloa, eta euskaldun berriei euskaraz ikasteko hartutako erabakiagatik eskerrak ematea da asmoa. Guk Euskararen Egunean euskaraz bizi, irakurri eta gozatzeko deia egin nahi dugu. Eta noski, gaurko prestatu dituzten jardueratan parte hartzera animatu zaituztegu. Irutxuloko Hitza San Telmo Museoko mintzodromoan eta Añorgako kantu jiran izango da, besteak beste. Jarraitu gure albisteak egunez egun Irutxulo.hitza.eus webgunean, eta ostiralero paperean, gure astekarian.
Erlazionatutako edukiaEuskararen Nazioarteko Eguna, auzoz auzo