Anoeta estadioaren kanpoaldea (Argazkia: Estitxu Zabala).
Gorabehera asko izan ditu Anoeta estadioa birmoldatzeko proiektuak, baina, ondo bidean, oraingoan bai, egitasmoak aurrera egingo du. Abendua erabakigarria izaten ari da: alde batetik, Hirigintza Plan Berezia behin behinean onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak, aste honetan; eta bestetik, Realak 30 milioi euro bideratuko ditu proiektura, herenegun adostutako aurrekontuan jasotakoaren arabera.
Tokiko Gobernu Batzordearen erabakiaren ondoren, udalbatzarrean eman beharko diote behin betiko onarpena Plan Bereziari. Aurreko udal gobernuak bezala, oraingoak ere nabarmendu du ez duela dirurik jarriko: «Finantzazio egitura zehaztea faltako litzateke; baina, gure aurreikuspenen arabera, udalak ez du diru ekarpenik egingo», azaldu du Eneko Goia alkateak. Hori bai, birmoldatzea hiriarentzat oso onuragarria dela azpimarratu du: «Zerbitzu hobeagoak eskainiko dizkie erabiltzaileei, eta hiriak azpiegitura on bat izango du, bestelako ekitaldiak ere har ditzakeena».
Goiak berak proiektuaren helburuak laburtu ditu: «Estadioan 11.000 ikusle inguru gehiago sartzea eta ikuspena hobetzea –estadioak 40.000 ikusle izango lituzke eta atletismo pistarik gabeko zelaigune bat–; segurtasun, irisgarritasun eta ebakuazio neurriak hobetzea; kultur etxeko eta kirol federazioen, eta Realaren bulegoetako ekipamenduak mantentzea eta hobetzea; estadio txikiko harmailak berritzea eta handitzea eta estalki osoa beste modu batera egituratzea, 850 eserleku gehiago jarrita; eta estadio txikiko zelaia eta kanpoko pistak berritzea eta berrantolatzea».
Finantzazioari dagokionez, Realaren erabakiak gauzak argitu ditu. Akziodunen Batzar Nagusiak onartutako aurrekontuan 30 milioi euro aurreikusi dituzte proiekturako, 6 milioi euro gehiago izateko aukerarekin. Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro jarriko zituela iragarri zuen bere garaian, eta, proiektua 40 milioi eurokoa izanik, zenbakiek diote finantzazioa bermatuta dagoela, beti ere Donostiako Udalarekin akordio ekonomiko batera helduz gero.
Hala bada, Udalbatzaren argi berdea jasota, lanak esleitzea izango litzateke hurrengo pausoa. Lanak udan abiatuko lirateke, hala izanez gero. «Realak hazten jarrai dezan beharrezkoa da estadio berria edukitzea. Diru asko jartzeko prest gaude. Anoeta berria onuragarria izango da Reala, Donostia eta Gipuzkoa osoarentzat», adierazi du Realeko presidente Jokin Aperribaik.
Aurrekontu historikoa
Realak bere historiako aurrekontu handiena onartu du, 68 milioi eurokoa, Anoeta birmoldatzeko lanak bertan jaso eta gero. Akziodunen %97,7k eman zieten babesa kontuei.
Telebista eskubideen arloan, iragan sasoian baino 20 milioi euro gehiago jasoko ditu klubak; 45 milioi euro, zehazki, aurrekontuaren %68. Horixe izango du diru-sarrera nagusia. Gastuei dagokienez, lehen taldeko soldatak ordaintzera bideratu beharko du aurrekontuaren zati handiena: 32,2 milioi euro.
2014an egindako salmentak –Griezmann, Seferovic, Bravo– hartzen dira kontuan, eta horregatik handitu da aurrekontua. 30 milioi euroko irabazia utzi zuen aurrekoak.