Xexene danborrada jaio da Antiguan, «auzoan eta auzoarentzat sortua». Bertako kide izateko baldintza bakarra da 30 urtetik gorakoa izatea. Auzoko gazte danborradaren eredua jarraitu nahi dute.
Xexene danborradako Eva Rodriguez, Mikel Ugarte eta Ainara Arriaran. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Asko dira azken urteotan danborrada batean parte hartzeko aukerarik izan ez duten antiguatarrak: «30 urtetik gora badituzu, eta elkarte bateko kide ez bazara, ezin duzu inon jo», azaldu du
Xexene danborradako kide
Ainara Arriaranek (Antigua, 1982). Berak hiru urte eman ditu danborrada batean atera gabe.
Mikel Ugartek (Antigua, 1967), 18 urte. Eta
Eva Rodriguezek (1974) hamar bat urte. Guztiak auzoko gazte danborradan ibilitakoak dira. 30 urte bete zituztenean, ordea, utzi egin behar izan zuten, hori baita gazte danborradak ezartzen duen baldintza nagusia».
Elkarte batekin atera zein behin Rodriguez, baina ez zitzaion esperientzia gustatu: «Danborradaren parte sentitu behar duzu. Elkarte batean atera zaitezke zure gurasoak edo lagun bat kide direlako, baina nik behintzat ez dut berdin bizi».
Denontzako lekua
Ugarte eta Arriaran iritzi berekoak dira: «Ondo pasatzeko ateratzen zara, eta nahiago duzu zure giroko jendearekin atera». Ugarteren ustez, gazte danborradak lortu duen gauzarik politena izan da jende desberdina elkartzea, harremanak estutzea eta auzotarrok elkar ezagutzea. Besteak elkarte itxiagoak dira, bere iritziz: «Azkenean, danborrada bat hasi dugu denontzako leku bat bilatu nahian. Desberdintasun nagusia hori da, gurea ez dela elkarte bat. Gazte danborradaren moduan, Antiguako danborrada bat sortu nahi dugu».
Hain zuzen, gazte danborradatik kanpo geratu diren antiguatar horien ekimenez sortu da Xexene: «Denbora asko generaman gai honi bueltak ematen. Iaz 30 urte bete zituen auzokide batek gazte danborradako kide izandako guztiak deitu zituen bilera batera. Han bildu ginen danborrada batean ateratzeko gogotsu ginen antiguatar guztiak», azaldu du Arriaranek.
Auzoarekin lotutako izena
Uztaila zen danborrada berriak aurkezteko epea, eta identifikazio fiskalerako zenbaki bat behar zuten.
Platero kultur elkarteak utzi zien, eta aurrera jarraitu ahal izan zuten. Hurrengo pausoa: izena jartzea. «Plateroren ondoko eraikinean Xexene izeneko etxe bat omen zegoen. Denoi gustatu zitzaigun izena, eta aho batez erabaki genuen horrela deitzea danborradari», esan du Arriaranek. Auzoaren historiarekin ez ezik, danborradarenarekin ere lotuta dago Xexene: «Xexene etxean Donosti Zarra elkartea zen, hura izan zen Antiguako lehen danborrada, eta egungo gazte danborradaren jatorria», zehaztu du Ugartek.
Danborrada ireki, parte hartzaile eta parekide gisa aurkeztu dute euren danborrada: «Antiguatarrek dute danborradan ateratzeko lehentasuna, baina 30 urtetik gorako edonork eman dezake izena. Gainera, ez dago kargu finkorik inorentzat, eta urtez urte txandakatzen joango dira. Kideak bezala, denontzako lekurik ez badago, txandakatzen joango gara», adierazi du Ugartek.
70 bat kide elkartu dira estreinaldirako. Urtarrilaren 20an irtengo dira, 11:30ean. Sukaldariz jantzita aterako dira mutilak, eta urketariz neskak. Plateron hasi eta bukatuko dute hiru orduko ibilbidea: Matia kalea, Mikeleteen pasealekua, Erregezainen kalea eta Benta Berri inguruan joko dute. Txalupagilene plazan Jakintza ikastetxeko eta Istingorra elkarteko danborradekin joko dute.
Danborrada berria sortzeko diru asko bildu behar dela azaldu dute, eta lehen urte honetan jaso duten laguntza eskertu dute: «Danbor eta upelak Oreretako ikastolak utzi dizkigu. Antiguako Baso Etxea Elkarteak aizkoradunen makilak jubilatu ditu, eta guk hartu ditugu. Donostiako ikastetxe bateko gimnasioan abandonatuta zeuden danbor batzuk ere eman dizkigute». Entseatzeko lekua aurkitzea ere zaila izan dela diote: «Danborrada asko gaude Antiguan, eta leku gutxi dago. Azkenean merkatu zaharrean entseatzea lortu dugu».
Ospakizun hirukoitza
Xexene danborrakoentzat ospakizun hirukoitza izango da aurtengo urtarrilaren 20a: «Danborrada berria dugu, auzoko jaiak dira eta
San Sebastian Eguna da». Barru barrutik bizi dituzte sansebastianak. «Urteko egun handia da. 24 orduko festa da, eta ahalik eta ordu gehien gozatzen ditut», adierazi du Ugartek. «Xexeneko kide askoren dilema izango da gaupasaz etortzea ala ez. Hurrengo urtean baldintza gisa ezarriko dugu gaupasaz etortzea», jarraitu du umoretsu.
Hirurei poz handia ematen die berriz ere danborrada batean ateratzea:«Bertakoa bazara, eta danborra jotzen ateratzen bazara beste modu batean bizitzen duzu San Sebastian eguna», esan du Arriaranek.
Antiguatar peto-petoak direla erakutsi dute denek, beste auzoekin konparatuta Antiguako festa giroa berezia den galdetu diegunean: « Ez dakigu. Ez gara inoiz tunelaren bestaldean izan! Dakigun gauza bakarra da jende asko etortzen dela handik hona, beraz hemen badago zerbait beste inon ez dagoena», esan dute irribarretsu.